Urtekaria 2024

Eskola publikoa indartzeko plataforma

Ataria 2024ko abenduaren 25a

Tolosako kultur etxean aurkeztu zuten azaroan plataforma eta herritar ugarik egin zuten bat ekimenarekin. J.M.

Aurretik Aiztondon egindako bideari jarraituta osatu dute Tolosaldeko plataforma; iragarri dute eskola publikoa indartzeko eta Hezkuntza Lege berria aldatzeko lan egingo dutela aurrerantzean.

Gaur egungo hezkuntza arloko gabeziei aurre egin eta sare publikoa babesteko, indartzeko eta saretzeko Tolosaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforman batu dira eskualdeko hainbat ordezkari. Aurretik Aiztondo bailaran sortutako plataformaren ereduari jarraitu diote eta atxikimendua eskatu diete Tolosaldeko zenbait eskolari eta guraso elkarteri. Plataformaren eskaerekin bat egin dute Tolosako, Ibarraldeko eta Alegialdeko eskola publikoek eta hainbat guraso elkartek.

Plataformako ordezkarien esanetan Tolosaldeko ikastetxe publikoek kalitatezko zerbitzua eskaintzen dute, baina errealitateak datu kezkagarriak erakusten ditu etorkizunera begira: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren jaitsiera; eta bestetik, 2023 bukaeran onartutako Hezkuntza Lege berria. Tolosaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, gaur egungo gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasunei eta beharrei ez die erantzun egokirik ematen lege berriak. Horregatik administrazioari eskatu diote lehenetsi dezala eskola publikoa eta jar dezala erdigunean, eman diezazkiola behar dituen baliabide guztiak. 

Honenbestez, Tolosaldea Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak aurreratu du Hezkuntza Legearekiko desadostasuna adierazi eta berau aldatzeko lan egingo duela. Aurrerantzean erabiliko duten logoa ere aurkeztu dute, eskualdea eta bailararen orografia irudikatu nahi dituena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!