Urtekaria 2024

Eskualdeko zenbait gune, eraberritzear

Ataria 2024ko abe. 25a, 10:00

Zizurkilgo Biala Orain-en mobilizazioa. J.M.

Zizurkilgo Biala Orain plataforma mobilizazioekin hasi da berriz, saihesbidea eskatzeko; Tolosan, zubi berri bat ireki dute eta Zubiberria ordezkatzera doaz; eta Txaraman, auzoa egokitzen ari dira.

Zizurkilgo Biala Orain plataformak duela bost urte abiatu zuen bere ibilbidea. Eten baten ondoren, mobilizazio berriak egin dituzte, Bulandegi bidean izaten den trafiko ugariaren arriskuaz, zarataz eta kutsaduraz ohartarazteko, eta egoerari irtenbide bat emateko beharra agerian uzteko. Trafikoa herriko erdigunetik ateratzeko herrigunea inguratuko lukeen saihesbide bat eraikitzea eskatzen dute.

Bien bitartean, zenbait proposamen egin ditu plataformak, trafikoa mantsotzeko: abiadura murrizteko gailuak jartzea, herri sarrera eta irteeran biribilguneak egitea edota semaforoak jartzea. Udalak jakinarazi die radar mugikor bat jartzeko asmoa duela. Udalbatza osoa bat dator saihesbidea egiteko eskaerarekin, baina aldundiak ez du lehentasunen artean sartzen errepide berria egitea. Plataformako kideek gogoratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoan dagoela oinarrituta euren eskaera: «Bere garaian esan zuten Asteasuko industriagunea handitzen bazen egokitu egingo zirela hara joateko bideak. Poligonoa hazi egin da, baina bideak berdina izaten jarraitzen du».

Aldundiak eta udalak uste dute bere garaian aldundian landu zen saihesbidearen proiektua zaharkituta dagoela, eta berraztertu egin behar dela. Bide Azpiegituretarako sailarekin azkenekoz bildu ondoren, proiektu proposamen bat jaso zuen udalak uda aurretik. Udalak dio proposamen horrek ez diola erantzuten daukaten arazoari. Hala ere, aldundiaren aldetik «jarrera positibo bat» ikusten du udalak. Sintonia dagoela nabarmendu dute, eta bide bat aurkituko dutenaren esperantza dauka alkateak.

Azkenik, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaleak, euren taldeak gobernu ardurarik eduki ez arren, gaia Batzar Nagusietara eraman, eta Zizurkilgo saihesbidea lehentasunen artean sar dezaten saiatuko direla hitz eman die plataformako kideei.

Tolosako Zubiberria

Tolosaren kasuan, Zubiberriaren proiektua da hirigintza lan nagusiena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, uholde-arriskurik handienetakoa duen herria da. Herrian, bi zubi dira, dituzten ezaugarriengatik, uholde-arriskuari begira, arazo gehien eragin ditzaketenak: Naparzubia eta Zubiberria. Bietako bat ordezkatzekotan, bigarrena lehenetsi izan dute, lehenak, ondarearen ikuspuntutik babes maila altua duelako. Udal gobernua alternatiba gehiagoren bila aritu da, baina kontsultatutako aditu guztiek eta Ura agentziak zubia ordezkatzea berretsi dute; oraindik ez dago datarik.

Andu Martinez de Rituerto alkateak gogorarazi du dagoeneko zubi berriaren proiektua egina dagoela —bao bakarrekoa eta euskarririk gabea—, baina momentuz, behin-behinean etenda dagoela esan du. «Ura agentziak azken urteetan egindako azterketei heldu behar diegu», esan du, eta bi ideia azpimarratu ditu: «Dragatzeen kasuan, irabaz daitekeen gaitasun hidraulikoa oso txikia eta epe motzekoa da; hurrengo uraldian sedimentuak berriz ere oztopoak aurkitutako tokietan geldituko dira. Bestetik, ibar bazterreko landarediak garrantzi handia du. Uraren abiadura geldotzen laguntzen du». Egindako azterketetan ateratako beste ondorio batek dio Tolosa dela interbentzio batek populazio handienari eragingo liokeen eta gastu-onura indizerik altuena izango lukeen herria. «5 milioi euroko inbertsioa izango da, baina 10.000 biztanlerentzat dela kontuan izanda, beharrezkoa da», esan du alkateak.

Udalak egungo paisaia urbanistikoan hobeto egokituko zen zubiaren proiektu berri bat azter zezan eskatu zion Urari. Alkateak herritarrei aurkeztu die proiektu hori: «Gaitasun hidrauliko txikiagoa du, baina helburua beteko luke. Bi zutabe ditu eta erdian goratze txiki bat». Urak, baina, argitu du nahiago duela hasierako aukera.

Txaramako prozesua

Bestalde, Txaraman, auzoa berroneratzeko lanetan jarraitzen dute. Urte hasieran, langabezian zeuden hamar pertsona kontratatu zituzten auzoa zaharberritzeko. Pertsona horiek formakuntza jaso zuten, eta ondoren, hainbat lan burutu dituzte, hala nola, kultur etxea berritu, hiri-altzariak margotu eta autobus geltokia garbitu. Lan horiek amaituta, beste fase batean sartu dira, eta etxebizitzak berritzeko lanetan ari dira. Eusko Jaurlaritzaren auzo zaurgarrien egoera hobetzera bideratutako diru laguntza baliatuz ari dira burutzen lan horiek. Hain justu, 2022 urte bukaeran jakin zuen udalak 1,5 milioi euro jasoko zituela helburu horretarako.

Txarama berroneratzeko lanketako une bat. ATARIA

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako Zuzendaritzak sustatutako CI+IRU proiektuaren esparruan martxan jarritako ekimena den Hiri-Berroneratzean Nazioarteko Ikerketa eta Berrikuntza Sareak Txarama hautatu du kasu-azterketa egiteko. EAEko, Espainiako eta Europako 30 eragilek baino gehiagok osatzen dute sare hori, besteak beste, arlo akademikoko, administrazio publikoko eta enpresa-sektoreko erakundeek. EHUko Arkitektura saileko irakasle eta ikertzaileek osatzen duten CAVIAR EHU ikerketa taldeari interesgarria iruditu zitzaion Txarama lantzea, eta azken hilabeteetan auzoaren lanketa egin dute. Horretarako, auzotarren lekukotzak jaso dituzte eta txosten bat osatu dute, auzoaren historia eta bilakaera aztertuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!