1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerriek Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez jasotzen duten kopurua arautu dute 2024an. Eskualdeari dagokionez, neurriak 18 herriri eragiten die: Orexa, Baliarrain, Gaztelu, Elduain, Larraul, Belauntza, Hernialde, Albiztur, Abaltzisketa, Alkiza, Leaburu-Txarama, Altzo, Ikaztegieta, Aduna, Bidania-Goiatz, Lizartza, Amezketa eta Berastegi. Behin araua egokituta, udalerri txikien finantzaketa egungo errealitatera egokituko dela esan dute.
Hasieran, aipatutako foru arauak, biztanleriaren arabera udalerri guztiek urtero jasotzen zuten kuotaz gain, kopuru gehigarri finko bat esleitzea ezartzen zuen, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori berrikusi gabe zegoen 1994. urteaz geroztik. Onarpenaren ondoren, 1.100 biztanle baino gutxiagoko Gipuzkoako herriek, 2025etik aurrera, haien biztanleriaren arabera dagokien kuotaz gain, erreserbatuta izango dute urte bakoitzeko Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) %1,2, eta zati berdinetan banatuko da udalerri horien guztien artean.
Tolosak 20.065 biztanle ditu
Tolosak 20.000 biztanleren langa gainditu du, historian lehen aldiz: 20.065 biztanle ditu. Eustatek jasotzen duenaren arabera, XXI. mendean goranzko joera izan du Tolosako biztanleriak. 2001ean 17.687 herritar ziren, 2011n 18.111, eta iazko urtarrilean 19.929.
20.000 biztanleko langa gainditzeak zenbait aldaketa dakartza. Oraingoz, Estatuko Aldizkari Ofizialean aipatzen diren 20.000 biztanletik gorako herriek eskaini beharreko zerbitzuak betetzen ditu Tolosak, baita 50.000 biztanletik gorakoek bete beharreko batzuk ere. Aurrerantzean, baina, udalak bere aldetik koordinatu beharko ditu zenbait zerbitzu, foru aldundiarekin elkarlanean egin ordez. Bestalde, aldundiak ematen dion foru funtsa handiagoa izango da.
Udalbatzaren egituran ere aldaketak egon daitezke. Hauteskundeen Araubide Orokorraren arabera, 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerritan, 21 zinegotzi izan behar dituzte. Une honetan 17 zinegotzi ditu. Hurrengo udal hauteskundeak 2027an izango direnez, 2026a amaitzean errolda 20.000 biztanle baino gehiagokoa bada, lau zinegotzi gehiago izango ditu.