Urtekaria 2024

Euskal kulturaren historian, ezinbesteko funtsa

Ataria 2024ko abe. 23a, 20:00

Lopez Mendizabalen senitartekoak, Urkullurekin. IREKIA

Ixaka Lopez Mendizabal tolosarraren funtsa Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi du bere familiak. Euskal Herriaren azken bi edo hiru mendeetako historia ezagutzen laguntzen duten agiriak dira.

Ixaka Lopez Mendizabalen oinordekoek Euskadiko Artxibo Historikoaren esku utzi du frankismo garaiko erbestearekin lotuta dagoen ondarea. Funtsaren zatirik handiena Lopez Mendizabalek 1938tik aurrera, bere heriotzara bitartean, idatzitako eta bere seme Xabierrek sortutako dokumentazioa da. Lopez Mendizabal 1879an jaio zen eta 1977an hil. 1936an, gerra hasi zenean, 57 urte zituen eta ordurako abokatutzan, liburuen edizioan, idazletzan, politikan eta kulturgintzan ibilbide luze eta oparoa egindakoa zen.

1936ko abuztuan, gerra hasi eta berehala, Lopez Mendizabalen ondasunak arpilatu zituzten Tolosan; lapurtu ez zutena erre egin zuten faxistek. Urteen joan-etorrian, beraien ondasun asko berreskuratzea lortu zuen familiak. Dokumentu horietako asko aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko dituzte. Euskal Herriaren azken bi edo hiru mendeetako historia ezagutzen laguntzen duten funtsak dira agiri hauek.

Lopez Mendizabalen funtsak hiru zati ditu. Batetik, 61 kutxa, batez ere 1930-2010 bitartekoak, bere familiarenak. Bestetik, XX. mendearen amaierara bitarteko 420 liburuko eta xafla kalkografikoen kaxa bat, beren interesagatik hautatu direnak. Eta azkenik, liburu arruntekin, nobelekin eta aldizkariekin betetako 43 kutxa.

Agirien artean sei dira nabarmentzekoak: Serapio Mujika historialariarekin izandako eskutitzak, Buenos Aireseko Laurak Bat elkarteko dokumentazioa, Agirre lehendakariarekin izandako mezu-trukaketa, Antonio Maria Labayen adiskide tolosarrarekin edukitako korrespondentzia, Etimologías de apellidos vascos liburuaren jatorrizko idatziak eta Xabiertxo liburuaren Argentinako edizioaren argazkiak.

Tolosak eman duen pertsonaiarik berritzaileena da Ixaka Lopez Mendizabal; ekintzailea, kultura handikoa eta aitzindaria. Eskualzaleen Biltzarraren eta Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa, euskaltzain urgazle eta ohorezko eta Batzokiaren eta gerra aurreko ikastolaren bultzatzaileetakoa. Lehen euskarazko egutegia, hiztegia, eta Xabiertxo eta Martin txilibitu bezalako haur liburuak idatzi zituen. Editorial de Musica Vasca sortu zuen eta Orfeon Tolosano bultzatu. Alemana, ingelesa eta italiera menderatzen zituen, eta esperanto kongresua antolatu zuen Tolosan. Gerran Argentinara erbesteratu behar izan zuen eta Buenos Airesen Laurak bat euskal etxea, Ekin argitaletxea eta Saski-naski elkartea sortu zituen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!