Asteasuko Gorka Rico eta Amasa-Villabonako Javi Rivero sukaldariek zuzendutako Tolosako Ama jatetxeak lehen aldiz jaso du Michelin Izarra, bertako sukaldaritzan duen ikuspegiagatik. Lorpenarekin «harro» eta «oso pozik» daude. Proiektua osatzen duten eragile guztiei eskaini diete saria, eta aurreratu dute ez duela eraginik izango bere lan egiteko moduan, baina bai eskarietan.
Ez da Basque Cullinary Centerren trebatutako sukaldariek aurten jaso duten aitortza bakarra. Repsol 2024 Gidaren bi eguzki ere jaso dituzte, bertako produktuen alde egiten duten apustuagatik. Tolosako Casa Julian erretegia ere bi eguzkirekin saritu dute. Hiru dira une honetan bi eguzki dituzten eskualdeko jatetxeak, Amasa-Villabonako Hikak ere bi eguzki baititu. Bidania-Goiazko Bailara jatetxeak eguzki bat du.
Halaber, Basque Culinary Centerrek Gastronomiako 100 talentu gazteak izeneko zerrenda osatu du, 30 urtetik beherako profesionalekin. Bertan dago Gorka Rico, baita Lander Cornago alegiarra ere. Cornago Arzak jatetxeko ikerkuntza eta garapen departamenduko sukaldaria da. 2021ean, Reto Martiko lehiaketa irabazi zuen, eta aurten, Chef Balfego lehiaketako finalista izan da.
Erreka gazta urdina txapeldun, Esnekin
Lekarozko (Nafarroa) Kortariko Borda gaztandegiko Erreka gazta urdina izendatu dute Euskal Herriko onena Esneki, Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketaren hirugarren edizioan. Eskualdeko gaztandegiei dagokienez, Goine bigarren izan da gazta freskoetan, gazta laktikoetan eta pasta bigunetan. Sabekoetxea ere bigarren izan da, baina jogurtetan eta esne pasteurizatuetan.
Urrea, Aburuza eta Isastegirentzat
XXIII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak txapelketan Adunako Aburuza eta Tolosako Isastegi sagardotegiek urrea lortu dute, 72 puntutik gora, alegia. Astigarragako Zapiain sagardoa izan da txapeldunetan txapeldun. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, urrezko eta zilarrezko sailkapena egiaztatzen duen zigilu bat eramateko aukera izango dute.
Pintxo onenak, Larraulgo Zirtakoak
Larraulgo Zirta jatetxeko Iker Uranga sukaldariak bi txapela irabazi ditu: Gipuzkoako Bakailao Pintxoen X. Lehiaketakoa, Baserri pintxoarekin, eta Euskadiko II. Gilda Txapelketakoa, Ke 1848 a Kea pintxoarekin. Horrez gain, Gipuzkoako Sukaldarien Elkartearen Jakitea Sarietan Tolosako Botarri erretegiak Jakitea Saria jaso du eta Albizturko Ostatuari Gizarteratzea Euskal Gastronomian Saria eman diote.