Azken urtean, Ibarrako eta Tolosako euskararen kale erabileraren inguruko datuak aurkeztu dituzte, bi herrietako udalek, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Uemak. Ibarran azken 20 urteetan lau puntu jaitsi da erabilera. Tolosan, aldiz, orain arte erregistratutako daturik altuena izan da.
Ibarrako kale neurketaren emaitzen arabera, elkarrizketen % 52,3 izan dira euskaraz, % 43,4 gazteleraz, eta % 4,3 beste hizkuntza batean. 2000ko hamarkadako lehendabiziko urteetan, % 56koa zen batez besteko euskararen erabilera. Adinekoen artean dago alderik handiena, hamar puntu baino gehiago jaitsi baita ordutik.
Azken datuek erakusten dute nerabeetan dagoela hizkuntza «osasuntsuen». Izan ere, gazteen artean erabiltzen da euskara gehien (% 72), eta apur bat gutxiago haurretan (% 67). Horien ondotik, heldu-gazteek darabilte gehien euskara (% 50); hurrena, heldu-nagusiek (% 39) eta, gutxien, adinekoek (% 37). Dena dela, bada alderik gazteen artean: 24 urte baino gutxiago dutenen artean, % 68k erabiltzen dute, eta 25 urtetik gorakoen kasuan, % 41ek.
Tolosaren kasuan, euskararen erabilerak hirugarren aldiz gainditu du % 50eko langa. 1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale neurketa Tolosan, eta ordutik, 23 puntu egin ditu gora, bosgarren aldiz, gaztelaniaren aurretik kokatuz. Azken kale neurketaren arabera,
% 52,3k egiten du euskaraz. Gazteleraren erabilera % 45,4koa da, eta beste hizkuntzena % 2,4koa.
Gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta adinean zenbat eta gorago joan, orduan eta txikiagoa da erabilera. Zehazki, haurrak (2-14 urte) dira Tolosako kaleetan euskara gehien erabiltzen dutenak: % 73. Atzetik gazteak (15-24 urte) daude: % 59. Horiei jarraiki, heldu gazteak (25-44 urte) daude: % 60; gero, heldu-nagusiak (45-64 urte): % 42; eta, azkenik, adinekoak (65 urtetik gorakoak): % 36.
Bilakaera nabarmena eman da, izan ere, duela 38 urte adinean helduenak euskara gehiago erabiltzen zutenak ziren, eta orain, belaunaldi gazteenak dira gehien erabiltzen dutenak. 65 urtetik gorakoen kasuan, beraiek ziren euskaraz gehien egiten zutenak, eta gaur egun euskara gutxien haiek erabiltzen dute. Hala ere, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan du 90eko hamarkadatik lehen aldiz, eta errekuperazio zantzuak sumatzen dira.