Euskaraz, hartu hitza! eta Euskara eroso bizitzeko leloak aukeratu dituzte Aitzol Udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2024-2025 ikasturteko kanpaina egiteko. Ikasturte honetan eskualdeko hamar herritan jarri dute euskara ikasteko aukera: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Herrian bertan euskara ikasteko aukera ez dutenek ere, herritik, gehienez, 10 minutura dute euskara ikasteko aukera. Bada, datu baikorrak utzi ditu aurtengo matrikulazioak, euskara ikasi nahi dutenen kopuruak gora egin baitu.
Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian, esaterako, 240 ikasle baino gehiagok eman dute izena. Maila guztietako eskaintza prestatu zuen euskaltegiak, abiapuntuko A0 mailatik C2 maila aurreratuenera, eta maila guztietako taldeak osatu dira.
Izen-emateen kopurua maila guztietan areagotu da, baina nabarmentzekoa da maila aurreratuetan izandako kopurua: C1 mailan 44 ikasle hasi ziren aurrez aurreko taldeetan, eta beste horrenbeste C2 mailan. Abiapuntuko mailan, A0an, 33 ikaslek eman zuten izena, eta gainerakoetan, A1ean, 18k; A2an, 21ek; B1ean, 19k eta B2an, 17k.
Autoikaskuntzarako ere gorakada eman da matrikulazioan. 29 ikaslerentzako dago lekua, eta 35 pertsonak eman zuten izena. Beraz, ikasle berrien kasuan zozketa bidez erabaki zen lekua. Kontrara, Amarotz auzoko mintza-taldea ez da osatu, gutxieneko ikasle-kopurura iritsi ez delako.
Euskaltegiko izen-emateetan izandako igoerak bat egin du Tolosako Udalak euskara ikasteko diru laguntzak handitu izanarekin. Izan ere, matrikulazio-kanpainan iragarri zenez, ikasle tolosarrei matrikularen zati handiagoa estaliko die udalak diru laguntzen bidez: B2 mailara arte, matrikularen
% 95; C1 mailan, % 75; eta C2 mailan, % 50. Diru laguntza hori baldintzatua da, eta aprobetxamendu egokia eta % 85eko gutxieneko asistentzia behar dira.
AEK euskaltegian ere pozik daude aurtengo datuekin; Tolosaldean 61 ikasle dituzte eta 10 ari dira autoikaskuntzan. Pasa den ikasturtean Zizurkil, Asteasu, Anoeta eta Alegian sortu ziren taldeak eta aurten jarraitzen dute. Ikaztegietan, gainera, 6 pertsonako taldea sortu dute.