Urtekaria 2024

John Cabang, atleta irurar bat Olinpiar Jokoetan

Ataria 2024ko abenduaren 30a

John Cabang irurarra Filipinetako selekzioarekin lehiatu da Parisen egin diren Olinpiar Jokoetan, 110 metro hesietan, bere ametsa betez. Lehen kanporaketan seigarren postuan geratu zen, 13,66 eginez, eta bigarren aukerari uko egin behar izan zion lesio batengatik.

Aurretik, maiatzean, Filipinetako Txapelketan herrialdeko marka eta Euskadikoa egin zuen 13,37rekin. Aurretik, pista estaliko Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen, 60 metro hesietan, eta finalerdietara iritsi zen. Asiako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen, eta Euskadiko marka egin 7,64rekin. Cabangek omenaldia jaso du herrian bere kirol ibilbidean erakusten ari den mailagatik. 

Ander Martinez de Rituerto tolosarrak urrezko domina lortu du pertikan, 23 urtez azpiko Espainiako Short Track Txapelketan, eta Maria Felisa Okomo tolosarrak brontzezkoa pisu jaurtiketan. Biek 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa irabazi dute, aire librean. Okomok, bestalde, Euskadiko marka absolutua lortu du, 14,61 metroko markarekin. Bestalde, Euken Fernandez amezketarra 18 urtez azpiko Espainiako txapeldun, xabalina jaurtiketan, eta June Sudupe 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan brontzea  3.000 metrotan.

Iruretagoiena, munduko hirugarrena

Garikoitz Iruretagoiena zizurkildarrak brontzezko domina lortu du Munduko Apnea Indoor Txapelketan. Modalitate estatikoan eskuratu du hirugarren postua, ur azpian 8 minutu eta 22 segundoz arnasa hartu gabe egon ondoren. «Izugarrizko saria» izan dela esan du. Bestalde, Espainiako Txapelketan laugarren aldiz jarraian irabazi du modalitate estatikoan, eta hegats gabeko dinamikan ere gailendu da.

Lehen mailako bati irabazi dio lehen aldiz

Garaipen historikoa lortu du gizonezkoen Lauburu Ibarrak areto futbolean, lehenengo aldiz lehen mailako talde bati irabazi baitio partida ofizial batean. Errege Kopan izan da, Quesos El Hidalgo Manzanares taldea 2-1 gailendu ondoren final-hamaseirenetan. Hirugarren mailako Tolosako Laskorain eta Tolosala taldeak elkartu egin dira, eta Tolosala izenarekin ari dira jokatzen.

Tolosaldea, bigarren Euskotren Ligan

Lehen aldiz lortu du TAK klubeko Tolosaldea traineruak bigarren postua Euskotren Ligan, eta oso gertu egon da banderaren bat irabaztetik. Kontxako Banderan laugarren postua lortu du eskualdeko traineruak, jardunaldi bakoitzean hirugarren egin ondoren. Bestalde, TAK klubak jaso du Kantauriko aulki finkoaren saria, 2023ko denboraldiari dagokionez, Espainiako Arraun Federazioaren eskutik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!