Urtekaria 2024

Larrialditik indarraldira

Ataria 2024ko abe. 24a, 10:00

Euskararen aurkako epaia salatzeko eginiko elkarretaratzea. LEYRE CARRASCO

Euskalgintzak euskararen normalizazio prozesua onbideratzeko urtetzat jo du 2025a, eta mobilizazio sozial «handi» bat iragarri du.

Euskalgintzak argi hitz egin zuen aurtengo Euskararen Egunean: larrialditik indarraldira igarotzeko garaia da. Bizi dugun unea larrialdi gisa izendatzeko, hiru argudio nagusi eman zituen. Lehena eremu euskaldunenetan atzera egiten ari dela euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera dela euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea.

Bigarrena da eremu zabal batean, euskarari ukatu egiten zaiola ofizialtasuna, nor izatearen gutxieneko aitortza, taxuzko politika publikoak aurrera eramateko aukera; ofiziala den eremuan, berriz, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazioaren eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra.

Urrian izan zen eskualdean azken horri lotutako adibide bat. Iurreamendi egoitzako lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaia eman zuen Donostiako epaitegi batek. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Galtzaundi euskara taldeak kezkaz hartu zuten epaia, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten Tolosako epaitegiaren aurrean. Euskalgintzako elkarteen ustez, zerbitzu publikoek herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hori kontrako noranzkoan doala adierazi zuten. «Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Euskaraz artatua izatea ez bazaigu bermatzen, euskara erabiltzea oztopatzen zaigu euskaldunoi». Epai horren kasuan, adineko egoitzei eragiten zien heinean, herriko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratzen dituela azaldu zuten. «Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietarako hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea. Izan ere, zerbitzu publikoek ezin digute gure hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatu».

Euskarak bizi duen larrialdi egoera argudiatzeko hirugarren puntuari dagokionez, euskalgintzaren ustez, globalizazioaren egungo aldaera homogeneizatzailearen eraginez, hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta minorizatuak are eta zaurgarriago.

Bada, egoera horren aurrean, 2025 urtea normalizazio prozesua onbideratzeko behar duela izan uste dute, eta mobilizazio sozial «handi» bat egiteko asmoa iragarri dute urte bukaerarako, Euskararen Egunaren inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!