Urtekaria 2024

Beste txapel bat, zortzigarrena, Altuna III.arentzat

Ataria 2024ko abe. 30a, 16:00

Hamar urte bete ditu aurten Jokin Altuna amezketarrak profesionaletan, eta bere zortzigarren txapela lortu du lehen mailan, hirugarrena buruz burukoan.

 Unai Lasori 22-5 irabazi dio finalean. Binakakoan ere finalera iritsi da, Martijarekin batera, baina galdu egin dute P. Etxeberria eta Zabaletaren aurka. Lau eta Erdikoan ez du lortu bere bederatzigarren finalera jarraian iristea, finalerdietan Lasoren aurka galdu eta gero. Buruz burukoaren ondoren, omenaldia egin diote Altuna III.ari Amezketan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalak eta herritarrek. 

Martxel Iztueta tolosarrak binakako bigarren mailako txapela irabazi du Agirrerekin batera. Horrez gain, lehen aldiz hasi da jokatzen binakako txapelketa lehen mailan, Laso bikote duela. Bere aldetik, Arkaitz Gabirondo 20 urteko gazteluarrak debuta egin du profesionaletan, Aspe enpresarekin. 

Behar Zana elkarteko Miren Larrarte bidaniarrak pilotari onenaren saria jaso du Europako Txapelketan. Elkarte bereko Itxaso Erasun zizurkildarrak Emakume Master Cupeko binakako txapelketa irabazi du, Olatz Arrizabalaga aurrelariarekin 22-16 gailenduz Etxegarai-Gaminde bikoteari.

Europako txapeldunak

Intza Egiguren anoetarrak 19 urtez azpikoan eta Alaia Agirrezabala berastegiarrak 17 urtez azpikoan futboleko Europako Txapelketa irabazi dute. Bi jokalariek Realaren bigarren taldean jokatzen dute. 

Agirrezabala oso gertu egon da Munduko Txapelketa irabaztetik, txapeldunorde geratu baita. Finalean Ipar Korearen aurka penaltietan galdu dute. 

Tolosa CF-k 25 urte gimnastikan

Tolosa CF gimnastika erritmikoak 25. urteurrena ospatu du bere torneoarekin. Txapelketei dagokionez, Tolosa P taldeak zilarrezko domina lortu du Espainiako Txapelketan, eta Tolosa H kadete taldeak brontzea.  Bestalde, Ibarrako Belabieta Kirol Klubeko Inko Oruesagasti amezketarrak zilarrezko domina eskuratu du oinarrizko jubenil mailako Espainiako Txapelketan.
 
Eki Lizaso, goi mailako pultsularia
 
Denok Danena halterofilia taldeko Eki Lizaso pultsulariak nazioarteko txapelketetan parte hartu du junior mailan. Munduko Txapelketan 10. postua lortu du, Europakoan 4. eta 5. postuak eta Espainiakoan urrezko domina irabazi du. Horrez gain, absolutu mailan hirugarren izan da Espainiakoan. Bere aldetik, Ekaitz Kortajarena Espainiako txapeldunorde izan da 61 kiloko mailan, 38 urte betetzeko ateetan. 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!