Urtekaria 2024

Garaipen ugari lortu dituzte eskualdeko kirolariek

Ataria 2024ko abe. 30a, 20:00

Irene Caminosek lehiatzeari utzi dio.

Eskualdeko kirolariek lorpen handiak egin dituzte 2024an; Izaro Etxarri, Imanol Rojo, Irati Lakunza, Ibarrako sokatira taldea, Judo Klub Tolosa, Nahia Garrido, Mattin Zubeldia, Sarah Ugarte, Irristaka taldea eta TAKE saskibaloi taldea dira horietako batzuk. Irene Caminos trial txirrindulariak agur esan die lehiaketei.

Izaro Etxarri txirrindularia munduko txapeldunorde

Izaro Etxarri txirrindulari adunarra junior mailako pistako Munduko Txapelketan txapeldunorde izan da puntuazio proban. Eñaut Urkaregi larrauldarra bosgarren izan da omnium proban txapelketa horretan. Biek omenaldia izan dute Adunan. Maier Olano tolosarra ziklo-krosean lehiatu da junior mailako Munduko Kopan, eta Espainiako Kopa irabazi du. Bere aldetik, Ayala Serrano larrauldarrak junior mailako errepideko Munduko Txapelketan parte hartu du. Bien bitartean, egoera larria da Gipuzkoako txirrindularitzan, eta txirrindulari taldeek eta txirrindulariek protesta egin zuten urrian Donostian.

Imanol Rojo munduko txapeldun rollerskian

Alpino Uzturre elkarteko Imanol Rojo tolosarra munduko txapeldun izan da rollerskian, estilo klasikoko 15 kilometrokoan. Espainiako Rollerski Txapelketan, elkarteko June Aranburuk (16 urtez azpikoan) eta Libe Currasek (14 urtez azpikoan) esprint modalitatean zein distantziakoan garaipena lortu dute. Iraupen eskian, Espainiako Txapelketan domina ugari lortu dituzte Alpino Uzturre elkarteko eskiatzaileek hainbat mailatan. Imanol Rojok bi urrezko eta brontzezko bat, Hodei Juaristik brontzezkoa, Libe Currasek zilarrezko bi eta brontzea, Iker Aranburuk zilarrezko bi, June Aranburuk zilarra eta brontzea.

Irati Lakunza, hegats igeriketako goi mailan

Irati Lakunza tolosarrak hegats igeriketako Munduko Txapelketan 400 metro eskafandran seigarren postua lortu du eta 400 metro ur azalean 14. postua. Azken urteotako lorpenengatik Gipuzkoako Kirola Saria jaso du aurten, eta 2022-2023ko Tolosako kirolari onenaren saria jaso zuen ere, eta horren ondorioz bere izenarekin plaka jarri dute Usabal kiroldegian. Igarondo Urpekoak taldeko beste bi kidek Munduko Masters Txapelketan parte hartu dute. Patxi Mongek zilarrezko eta brontzezko dominak lortu ditu, eta Gregorio Manzisidorrek zilarrezkoa.

Ibarra Sokatira taldeak beste bi domina

Munduko Sokatira Txapelketa jokatu da aurten Suedian, eta emakumezkoen Ibarrako Sokatira Taldeak bi domina lortu ditu. 500 kilotan zilarrezkoa lortu dute eta 540 kiloko mailan brontzezkoa. Taldeko hainbat sokatiralari aritu dira lehian Euskal Selekzioarekin, eta dominak lortu ere. Emakumezkoen 540 kilokoan Agurtzane Belokik, Alaitz Olanok eta Saioa Iriartek brontzea lortu dute. 23 urtez azpiko gizonezkoetan, Urtzi Oterminek ere brontzezko domina lortu du. Misto helduen mailan, berriz, Lander Oterminek urrea jantzi du Euskal Selekzioarekin.

Munduko onenen artera iritsi dira

Judo Klub Tolosako bi bikote munduko gorenera ailegatu dira. Nage No Katako modalitatean, Unai Saralegi eta Unai Regillaga bigarren izan dira Munduko Txapelketan senior mailan. Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik 23 urtez azpikoan urrezko domina lortu dute. Bi bikoteek Tolosa kataren arloan mundu mailako erreferente bihurtu dira. Europako Txapelketan Saralegik eta Regillagak brontzezko domina eskuratu dute.

Garrido eta Zubeldia Europa mailan

Tolosaldea IKT igeriketa taldeko Nahia Garrido eta Mattin Zubeldia Europako Junior Txapelketan izan dira. Garridok 5. eta 24. postuak lortu ditu eta Zubeldiak 14.ena, guztiak bizkar estiloan. Absolutu mailako Espainiako Txapelketan, bi finaletan sartu da Garrido eta Zubeldia batean. Junior mailako Espainiako Txapelketan, berriz, bi zilarrezko domina lortu ditu Garridok eta bosgarren postua Zubeldiak. 

Sarah Ugarte, erronka hobetuta

Tolosan bizi den Sarah Ugarte donostiarrak erronkak gustuko ditu. Iaz egin zuena berriro egin du aurten, eta denbora jaitsi. Tolosatik abiatuz eta bertara itzuliz, Aizkorri, Anboto eta Gorbeiako tontorretara igo da, errepidean bizikletan joanez (230 kilometro eta 3.300 metroko goranzko desnibela) eta mendian korrika (42 kilometro eta 2.200 metro gorantz). Iaz 17 ordu eta 8 minututan egin zuen, eta aurten, 16 ordu eta 3 minututan.

Lehia bukatu da Caminosentzat

Irene Caminos Yarza trial txirrindulari tolosarrak ez ditu erakustaldiak edo Bideak Bike Trial eskola albo batera utziko, baina aurten agur esan die lehiaketei. Tolosako Euskal Herria plazan egindako Irene Caminosen azken saltoa! ikuskizunaren bitartez eman dio amaiera bere kirol ibilbideari. Bertan herritarren berotasuna jasotzeaz gain, gertukoen omenaldia ere jaso du.

Irristaka taldea, lehen mailara

Lehenengo aldiz historian, Tolosako abiadurazko patinaje talde batek Espainiako Ligan lehen mailara igotzea lortu du. 2023. urtean Irristaka taldeak lehen aldiz Kluben Arteko Ligan parte hartu zuenetik, bi igoera errenkadan gauzatzea lortu du. Datorren urtean Espainiako patinatzaile onenekin lehiatzeko aukera izango dute, beraz, Irristaka taldeko patinatzaileek.

Euskal Ligara igotzea lortu dute

TAKE saskibaloi klubak bere bi talde nagusiak orain arteko maila altuenean ditu. Emakumezkoen Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldeak lehen aldiz lortu du Euskal Ligara igotzea, eta bertako bigarren mailan dago. Gizonezkoen Iruki TAKE taldeak 3. FEB mailan (aurretik EBA maila) mantentzea lortu du eta goiko postuetan hasi du denboraldi berria. Bestalde, Lander Lasak saskibaloian jokatzeari utzi dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!