Alegiatik Ikaztegietara doan bidegorrian (GI-2131 errepidearen paraleloan) 61 kale-argi berri jarri dituzte ikusgarritasuna eta segurtasuna hobetzea helburu. Panel fotovoltaikoz hornituta daude farol berriak eta, arduradunen hitzetan, energia kontsumoa optimizatzeko balioko dute. Kale-argiak jartzearekin batera, berriro margotu dute bidegorriaren lurreko seinaleztapena ere.
Lanek 150.000 euroko kostua izan dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu. Kale-argi horiek ez dute konexio elektrikorik behar, eta inguru naturalari eragiten dioten esku hartzean saihesten laguntzen dute, hala nola, zangak eta lurpeko ubideak.
Arduradunen adierazpenak
Urrian hasi zituzten lanak eta, gaur, bertan izan dira Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua, eta Alba Garmendia eta Regina Sorarrain, hurrenez hurren, Ikaztegietako eta Alegiako alkateak. Asensiok aipatu du eguzki-argiztapena instalatzeak «Gipuzkoako konpromisoa» islatzen duela trantsizio energetikoarekin: «Gipuzkoa deskarbonizatu eta erabiltzaileen beharretara egokitzen lagunduko duten energia berriztagarrien aldeko apustua egin dugu. Esku-hartze hori genero ikuspegiarekin sentikorra da, funtsezko alderdia baita guztiontzat seguruak diren hiri eta landa inguruneak sustatzeko».
Alegiako Sorarrain alkateak eskerrak eman dizkio aldundiari, eta nabarmendu du «funtsezko lana» izan dela: «Esku hartze honek aukera ematen du segurtasun handiagoz mugitzeko. Gainera, Ikaztegietan lan egiten duten gure bizilagunen sarbidea errazten du eta orain euren eguneroko ibilbideak modu seguruago eta eskuragarriagoan egin ahal izango dituzte».
Aldundiari eskerrak eman dizkio Ikaztegietako Garmendia alkateak ere, eta gogobeteta hitz egin du lanak gauzatu izanaren inguruan: «Herritarrek aspalditik eskatu duten neurri bat da, eta pozgarria da erantzuna jaso duela ikustea». Dena dela, gogora ekarri du Ikaztegietatik Legorretarako bidea ere «antzeko egoeran» dagoela eta eremu horrek ere beharko lukeela argiztapena: «Industriagune bat ere badago bertan eta tren geltokitik bertara langileak argirik gabe joaten dira. Pozgarria da zati honetan argiak jarri izana, baina tarte horretan ere beharrezkoak dira kale-argiak».