Tolosaldea Garatzenek 30 urte

«Osagarritasuna da Tolosaldearen ezaugarri nagusia»

Ataria 2024ko abe. 22a, 10:00

Eskualde mailako plataforma erreferentea da Tolosaldea Garatzen. Denera 28 udalerrik osatzen dute, eta hori da garapen agentziaren bereizgarrietako bat. Ahulgune bihurtu zezakeen hori indargune bilakatu dute: eskualdetasuna. Jokoa ematen die proiektuak martxan jarri eta  osagarritasunak bilatzeko orduan, Joxe Luis Urdagarin Tolosaldea Garatzeneko gerentearen arabera.

Nola txertatzen duzue kide asko izate hori erakundearen lan dinamikan?

Hiru organok osatzen dute gure erakundea. Batzar orokorrean 28 udaletako ordezkariak daude, normalean alkateak, eta horiek urteko memoria eta kudeaketa plana onartzen dituzte. Bestalde, administrazio kontseilua dago, batzarrak izendatutako 11 kidek osatutakoa. Organo operatiboagoa da hori. Lehendakari batzordean, azkenik, lehendakariak eta lehendakari ordeak hartzen dute parte. Kasu honetan, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta Alaitz Labaien Amezketako zinegotzia.

Lan proposamen desberdinak jartzeko, gero, zein pauso ematen dira?

Bi norabidetan egiten dugu lan. Hamarkadotan sendotutako proiektu batzuk baditugu, euren inertzia eta dinamika propioak badituztenak, nahiz eta udalen oniritzia jaso behar duten haiek ere batzarrean. Beste batzuetan, guk proposatzen dizkiegu udalei kudeaketa planaren bitartez. Eta hirugarren kasu batzuetan, udalek edo bestelako eragileek hala eskatuta garatzen ditugun lanak daude. Esan bezala, plataforma bat garelako eskualdeko eragileentzat.

Zeintzuk dira eskualdearen berezitasunak?

Osagarritasuna da Tolosaldearen ezaugarri nagusia. Gure herriek ezaugarri oso desberdinak dituzte, eta ondorioz, baita lehentasun desberdinak ere. Ez daukate zerikusirik Tolosa batek edo Gaztelu batek izan ditzaketen beharrek. Hor lotura bat behar da eskualdea batuko duena, eta saiatzen gara hori izaten. Herritarrok, udalerri mailako ikuspegia izaten dugu maiz, eta udalen arabera ulertzen ditugu gauzak. Baina hor zera gertatzen da: zerbitzuak batez ere Tolosan zentralizatuta daudela eskualde osorako dimentsionatuta, baina industria eskualdeko 54 industria gunetan barreiatuta dagoela. Alegia, industriaren zati handi bat herri txikietan dagoela, hau da, Tolosak behar ditu. Eta alderantziz, herri txikiek behar dute Tolosa beste zerbitzu edo azpiegitura beharrak asetzeko.

Tolosaldea Garatzenek herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen artean zein nabarmentzen dira?

Beharren araberakoa da onura hori, erlatiboa da. Eskualdean, gehienek, ezagutzen gaituzte, baina normalean ez dute burutzen dugun lanaren ikuspegi globalik. Izan ere, batzuek ezagutzen gaituzte enplegu zerbitzuetatik igaro direlako; beste batzuek, kontsumitzaile bulegoan izan direlako; batzuek, jatetxea dutelako eta turismo alorretik lagundu diegulako. Zentzu horretan, gure erronka da zerbitzuen osotasuna ezagutzera ematea.

Askotarik kolektiboekin egiten duzue lan.

Bai. Haien beharrak asetzea da gure xede nagusia, tokiko erakundea garen heinean. Enplegua da gure muina. Eskualdean kalitatezko enplegua sortzea zuzeneko zein zeharkako tresna eta jardueren bidez. Gaur egun, langabezia tasa %7,6koa da; datu nahiko onargarria da, baina oraindik 1.825 langabetu daude. Enpresa munduarekin zerikusia daukaten beste kolektibo batzuk ere badaukate gure zerbitzuetara sarbide zuzena, aholkularitza eskatu edo diru laguntzetara sarbidea eskatzeko, besteak beste. Kontsumitzailearen Bulegoak ere estimulu handia du, erreklama- zioak jarri eta herritarren zalantzak argitze aldera.

“Udal Saila duen garapen agentzia bakarra gara gure lurraldean. Etengabe ari gara elkarrizketan, ekimen berriak martxan jarri eta lehendik ditugunak egokitzeko”

Etorkizunera begira, zein izango dituzue erronka nagusiak?
Migratzaileen kolektiboarekin egiten dugun lana izango da gure datorren hamarkadako erronka nagusietako bat. Migratzaileei harrera egiteko protokolo bat ezarri dugu eta harreta bulegoa irekiko dugu, Tolosaldean bizi nahi duten lagunek euren bizi-proiekturako egin beharreko urratsetan laguntzeko. Gizarte inklusioa eta elkar- bizitza sustatzeko jarduerak ere ari gara antolatzen.

Gainera, 2018az geroztik, lehentasuna eman diogu kolektibo zaurgarrienak laguntzeari laneratzeko ibilbide pertsonalizatuen bidez. TolosaldeaLab Foroarekin, adibidez, lan-merkatuan modu iraunkorrean sartzen laguntzen diegu, haien gizarteratzea eta bizi-kalitatea hobetzea errazteko azken helburuarekin.

Zein izan da erakundearen bilakaera azken hiru hamarkadetan zehar?

Sentsibilitateak aldatu dira gehien. Azkenean, inguruaren beharretara egokituz erreakzionatu behar dugu. Hori zikloei dagokienez, baina baita gizartearen bilakaera estrategikoaren ondorioz ere. Ingurumena da adibide argia. Udal sailean txertatuta dugun lan ildoa da hau, energiarekin batera lantzen duguna. Nolabait ere, gizartearekin batera ikasten dugu, eta arazoak aurreikusi, ekidin eta irtenbidea eman dezaketen tresnak sortu behar ditugu.

Zein dira gaurkotasun handieneko gaiak islatzen dituzten proiektuak?

Alorraren arabera, hainbat izan daitezke. Metalmekanikako sektorea da nagusi gurean, balio erantsi handiko produktuak eskaintzen dituzten enpresez osatua. Enpleguaren % 40,3 industria sektorean dago. Tolosaldeako ehun industriala anitza eta dinamikoa da, baina gehienak enpresa txikiak dira, eta lehiakortasunari dagokionez, erronka bat da hori. Horien garapena indartzeko tresnak eskaintzen ditugu: prestakuntza, teknologia modernizatzeko laguntzak, industria 4.0 bideratzeko estrategiak, talentua erakartzeko planak eta kudeaketa prozesuen profesionalizazioa sustatzeko ekimenak, besteak beste. Bestalde, Elkar Ekin programaren bidez, kolektibo zaurgarriekin egiten dugu lan enplegua eta gizarteratze-laneratzea sustatzeko. Enplegagarritasun ibilbideak lantzeko egiten dugu lan horien bidez, kolektibo desberdinekin. Duela 15 urte, enplegu bulegoa eta orientatzaileak ginen, baina orain, gainera, arreta pertsonalizatuagoa ematen dugu.

“Langabezia tasa %7,6koa da; datu nahiko onargarria da, baina beste gabezia batzuk azaleratu ditu egoera honek. Nolako enplegua ari gara sortzen?”

Eta turismoari dagokionez?

Next diru laguntzen bitartez, turismo-inpaktua duten azpiegiturak hobetzeko erabiltzen dituzte beren partidak, betiere garapen ekonomikoa bizilagunen ongizatearekin orekatzeko helburuarekin. Turismo etikoa lehenetsi dugu, eta hainbat segmentutan espezializatu da, hala nola turismo aktiboan, enogastronomikoan, kulturalean eta, nola ez, familia-turismoan. Eskualdeko azpiegiturak hobetzea dakarten produktu turistikoen sorkuntzan zentratu gara, eta horiek aberastera datoz laguntzok. 40 bat proiektu ditugu eskuartean.

Nolakoa izaten ari da 2024 urtea Tolosaldea Garatzenentzat?

Une ona bizi dugu. Lehen esan bezala, langabeziari dagokionez, nahiko baikorrak gara eskualdean bizi dugun unearekiko. Hala ere, beste gabezia batzuk azaleratu ditu egoera honek, eta arreta berezia eskaintzen diogu enpleguaren kalitateari (baldintzak, iraupena...). Nolako enplegua ari gara sortzen?

Gainerakoan, gaur gaurkoz giroa lagungarri dela antzematen dugu. Ikusten dugu proiektu berriak martxan jartzeko motibazioa badela, inbertsioak egiten direla eta eragile sozialen sarea oso aktiboa dela. Gero eta lan gehiago egiten dugu eragile sozioekonomikoen eta hirugarren sektorearen eskutik, gure ekintzen inpaktua areagotzeko.

Zer egoeratan dago Tolosaldea Garatzen 30. urteurren honetan?

Gure ibilbide luzean etapa ezberdinak bizi izan ditugu, eskualdearen ziklo ekonomikoetara egokitutakoak. Gaur egun, hazkunde eta garapen fase betean gaude.  Horretarako, egiten du lan gure talde tekniko egonkorrak, agentziaren helburuak betetzeko eta Tolosaldearen erronka berriei aurre egiteko. Tolosaldea Garatzenen helburua ez da hazkunde korporatiboa, eskualdera baliabideak erakartzea eta alor bakoitzeko eragileen lana bultzatzea eta dinamizatzea baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!