Tolosaldea Garatzenek 30 urte

Tokiko garapen jasangarriaren alde

Ataria 2024ko abenduaren 21a

Udal Sailak Tolosaldeko 28 udalerriekin koordinazio estuan lan egiten du eta bertako buru da Garbiñe Mendizabal. Eskualdeko garapen jasangarria eta udalerrien beharretara egokitutako proiektu estrategikoak sustatzea du helburu.

«Tokian tokiko errealitateak ulertzea eta horietara egokitzea da gure arrakastaren gakoa», azaldu du Mendizabalek. «Udalerri txikienek askotan baliabide mugatuak dituzte, eta gure helburua da haien proiektuak aurrera eramateko laguntza ematea».

Azken urteotan, Udal Sailak ingurumenarekin lotutako hainbat proiektu estrategiko bultzatu ditu, hala nola, energia berriztagarrien sustapena edo ekonomia zirkularraren inguruko ekimenak. Halaber, garraio publikoaren erabilera areagotzeko eta azpiegitura jasangarriak hobetzeko planak martxan daude. «Garapen ekonomikoa eta jasangarritasuna elkarrekin uztartzeko beharra gero eta handiagoa da. Horretarako, udalerri bakoitzaren indarguneak eta erronkak zehaztasunez aztertzen ditugu», azaldu du.

Tolosaldea Garatzenek sustatzen duen Idazkarien Foroa, bestalde, Tolosaldeko idazkari eta idazkari-kontuhartzaileen bilgunea da; bere helburua eskualdeko udalerri desberdinetako idazkarien artean lankidetza sustatzea eta eguneroko jardunean dituzten erronkei erantzuteko baliabideak eta informazioa partekatzea da. Tolosaldeko udalerri txikiagoetako administrazioak indartu nahi dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!