Urteari amaiera emateko ekitaldien artean Urte Zaharreko edo San Silbestre krosak daude, eta eskualdean horietako batzuetan elkartasunak garrantzia du. Tolosako krosean, esaterako: Samaniego eta Orixe ikastetxe publikoetako kirol batzordeek udalaren laguntzaz antolatu duten XXVI. Elkartasun Krosa.
Dortsalak Shanti Kirolak dendan jaso daitezke, helduentzat hamar euroan eta kadete mailakoentzat 5 euroan. Benjamin, alebin eta infantilen kasuan, ez da dortsalik beharko parte hartu ahal izateko. Saldu gabeko dortsalik balego, egunean bertan ere jarriko dira eskuragarri, Zerkausian bertan, 12 euroko prezioan. Bildutako dirua pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen alde lan egiten duen Zutani elkartera bideratuko da. Kirol proba 15:30ean hasiko da, haurren saioekin, Zerkausia kalean. 16:30ean izango da heldu eta kadeteen lasterketa, eta irteera Plaza Zaharretik egingo da eta helmuga Zerkausia kalean.
Ibarrako Urte Zahar XI. Krosa udalaren eta Hauspoa elkartearena artean antolatzen dute. Izena ematerakoan, diruaren ordez janari bilketa egiten dute eta bildutakoa elikagai bankura bideratu. Egunean bertan 14:30etik aurrera egin ahal izango da plazan izen ematea. Haurrek 16:00etan izango dute proba eta helduek 16:30ean. Sailkapenik ez dago, eta krosaren bukaeran herriko komertzio eta ostalariek eskainitako saskiak zozketatzen dira korrikalari helduen arten dortsal zenbakiarekin. Antolatzaileen aldetik parte hartzaileei mozorrotuta ateratzeko deia egin diete.
Asteasuko IX. Kros Solidarioa hilaren 28an egingo da, udalak eta herriko eragileek antolatuta. Izen ematearekin lortzen den dirua El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera zuzenduko da. Plazan bertan eta egun berean egingo da izen ematea, 15:30etik 16:15era. Helduek 5 euro ordainduko dute eta gainerakoek 3 euro. Haurrak (2015etik aurrera) 16:00etan hasiko dira, gaztetxoak (2011-2014) 16:15ean, ondoren 16:15ean itzuli solidarioa egingo da eta helduak 16:30ean abiatuko dira. Maila bakoitzeko lehen sailkatuek saria izango dute, eta parte hartzaileek mokadutxoa hartzeko aukera izango dute, eta baita zozketan parte hartzeko ere.
AUKERA UGARI
Villabonako Zunbeltz eta Zizurkilgo Urkamendi elkarteek antolatzen dute XXXIX. Urte Zaharreko Lasterketa. Aurtengoan Villabonan hasi eta bukatuko da, Zunbeltz elkartetik. 15:30ean hasiko da txikienekin (2015etik aurrera) eta benjaminekin (2015-2016); 15:45ean alebinak (2013-2014); 16:00etan infantil (2011-2012) eta kadeteekin (2009-2010); eta 16:30ean proba nagusia, jubenilekin (2007-2008) eta helduekin. Sariak izango dira lehenengo sailkatuentzat, eta bi lagunentzako hamar afariren zozketa heldu eta beteranoen mailakoentzat. Izen ematea benjamin, alebin eta infantil mailakoentzat Zunbeltz elkartean egingo da, 15:00etatik aurrera, eta proba nagusikoek Kronoak.com helbidean egin beharko dute.
Alegiako Urte Zahar eguneko krosa 16:00etan hasiko da. Haurren artean bi maila izango dira, LH1 eta LH3 artekoak, eta LH4 eta LH6 artekoak. Hortik gorakoak helduen proban ariko dira. Izena eman ahalko da gaurtik hilaren 23ra kultur etxean, eta helduek 6 euro ordainduko dute, kamiseta bat jasoz. Egunean bertan ere izena eman ahal da 15:00etatik 15:45era. Plazan hasi eta bukatuko da proba, ez da sailkapenik egiten eta amaitzerakoan txokolatea banatuko da.
Lizartzako San Silbestre Krosa, Otsabio kirol elkarteak antolatuta, 16:30ean hasiko da. Haurrek ibilbide laburra egingo dute, eta ondoren helduen txanda izango da, 5,5 kilometroko ibilbidearekin; festetarako moldatu zen ibilbidea erabiliko dute. Ez da izenik eman behar parte hartzeko, eta amaitzerakoan txokolatea banatuko dute.
Berastegin Urepele Elkarteko XXI. Urte Zahar Krosa egingo dute. 18:00etan abiatuko dira haurrak (2018tik aurrera), 18:15ean gaztetxoak (2012-2017) eta 18:30ean helduak. Izen ematea udaletxean, Urepele elkartean edo bizum bitartez egin daiteke (622456416 zenbakian). Umeak 5 euro lehenago eta 7 euro egunean bertan, eta helduak 6 euro lehenago eta 8 euro egunean bertan; 17:45ean itxiko da egunean bertan izena emateko aukera. Hainbat sari izango dituzte eta zozketak ere egingo dira.
Berrobin, izenak dioen moduan, Urte Zahar Martxa egingo dute, eta oinez, korrika edota bizikletaz egin ahalko da. 11:00etan hasiko da udaletxetik, Ibin kirol klubak antolatuta, udalaren laguntzarekin, eta mozorrotuta joateko deia egin dute. Izena Interneteko galdetegi baten bitartez egin ahal izango da, hilaren 28a bitarte, eta herriko hainbat Whatsapp taldeetatik banatu dute. Bukaeran hamaiketakoa egingo dute.