Urtekaria 2024

Elkarrekin eragiteko

Ataria 2024ko abe. 20a, 00:00

Euskarak larrialdi linguistikoa bizi du eta euskaltzaleoi dagokigu egoera iraultzeko lan egitea. Ataria horretan ari da duela 11 urte eta horretan jarraitzeko asmo irmoa du. Ataria-k 2024. urtean, aurreko guztietan bezala, eskualdeko albisteak jarri dizkizu eskura.

Egunkari, astekari eta gehigarri bereziak jaso dituzu etxeko atarian eta webgunean jaso du guztia; 10.000 eduki inguru jaso ditu Ataria.eus-en, 30 bat eduki egunero-egunero. Hori baita Ataria-ren egitekoa, Tolosaldeko istorio eta albisteak euskaraz eta euskaratik zure eskura jartzea. Zeinek egingo du bestela? 

Bukatzear den urteak albiste asko utzi ditu eta zoritxarrez lerroburuetako asko indarkeria matxistarekin izan dute zerikusia; Tolosan osteopata batek egindako erasoen aurrean bildu da eskualdeko komunikabidea, kirol talde bateko entrenatzaile batek egindakoak salatu ditu, eta egunerokoan izaten diren erasoetan jarri du azpimarra. Horiek salatzen jarraituko du Ataria-k eta are gehiago, horiek ez gertatzeko eragiten jarraituko du.

Azken hilabeteek albiste gehiago utzi dituzte: Xuhar Pazos Villabonako gazteak Tolosako Inauterietan jasotako pilotakada, euskararen kontrako oldarraldia, eskualdeko hainbat herritako lurretan egin asmo dituzten haize errotak, Tolosako ospitale publikoari lotutako albisteak, eskualdeko bi herritarren lan heriotzak... Ataria-k eman nahiko ez lituzkeen albiste mordoa, baina badira ere gustura zabaldutako beste asko; Tolosan euskararen erabilerak izandako gorakada, herri txikienetako udalek jasoko duten diru funtsa, eskualdeko kirolariek lortutako emaitza bikainak... asko dira horiek ere. Eta ezin ahaztu Ataria-k bezala urteak betetzen jarraitzen dutenekin: Samaniegoren 50. urteurrena, Altzoko eskolaren 25.a edo Adunan egindako Eskola Txikien Festa borobilarekin. 

Urteak utzitako albisteen bilduma duzu eskuartean, baina ez ahaztu Ataria-k eragiten jarraituko duela 2025. urtean, eta bide horretan bidelagun izan nahi zaituela. Lanean jarraitu nahi du, eta datorren urteak ekarriko dituen albiste eta istorioak atarira gerturatzen jarraitu nahi du, eta horretarako, funtsezkoak dira guztion indar eta babesa. Ataria-k eragiten jarraitu nahi du eta eskualdeko herritar guztiak animatu nahi ditu bidelagun izatera, guztion artean arnasberrituko baitugu eskualdea, guztion artean lortuko baitugu euskara lehen lerroan jartzea. Bien bitartean Ataria-k urte berri ona opa dizue, jarraitu dezagun bidea elkarrekin egiten. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!