Iztuetak, hirutik hiru

Ataria 2024ko abenduaren 16a

Orain arte jokoan izan diren Binakako Pilota Txapelketaren hiru partidak irabazi ditu Martxel Iztueta tolosarrak bere aurrelari Unai Lasorekin batera. Artolak Jakari irabazi dio.

Pixkana ari da itxura hartzen Binakako Pilota Txapelketa, hirugarren jardunaldia jokatu berritan. Martxel Iztueta Lasorekin batera sailkapeneko buruan dago, hiru partidak irabazita. Asteburuan 22-5 irabazi diote Jon Ander Peña tolosarra ordezkatzen zuen Larrazabal eta Albisuren aurka. Peña II.ak oraindik ez du partidarik irabazi.

Eskualdeko bi pilotari aurkari izan diren partidan, Iñaki Artola alegiarrak irabazi dio Erik Jaka lizartzarrari. Artola eta Mariezkurrena II.a 14-22 gailendu dira Jaka eta Imazi. Artolak bi garaipen ditu, eta Jakak bakarra.

Bere aldetik, Jokin Altuna amezketarrak galdu egin du bere partida, Arangurenekin batera 11-22 galduz Ezkurdia eta Rezustaren aurka. Partida bakarra irabazita dago Altuna III.a.

Serie B Txapelketa

Eskualdeko bi pilotari ari dira jokatzen bigarren mailako txapelketan, biak atzelariak. Arkaitz Gabirondo gazteluarrak galdu egin du Dariorekin batera, 19-22, Egiguren V.a eta Bikuñaren aurka. Bi garaipen dituzte Dariok eta Gabirondok.

Gorka Ugartemendia alkizarrak ez du jokatu asteburuan, eta bere ordez Lizeaga aritu da. Alberdi II.arekin batera 12-22 galdu zuten Senar eta Eskirozen aurka. Ugartemendiak ez du partidarik irabazi oraingoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!