Ziburu eta Urruñako ikastolak laguntzeko aukera

Ataria 2024ko abe. 16a, 12:17

Katxiporretako pailazoen Ostirala iritsi da! ikuskizun berria ikusteko aukera egongo da Ordizian, abenduaren 28an. Ataria-k bi sarrera bikoitz zozkatzen ditu.

Goierriko zein Urruña eta Ziburuko ikastolak laguntzeko emanaldia izango da abenduaren 28an. Ordiziako Jaialdia  Majori kiroldegian Katxiporretako pailazoen Ostirala iritsi da! ikusi ahal izango da eta bi emanaldi eskainiko dituzte,  16:00etan eta 18:30ean. Haurrei, familiei eta sudurgorriak maite dituen orori zuzendutako lana dela esan dute Katxiporretako arduradunek eta 2023ko azaroan argitaratutako Txapasen kaxa magikoa ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta.

Josu Txapartegi Aramendi (Zarautz, 1946), Txapas ezizenaz ezaguna, euskal akordeoilari, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoa da, Imanol Urbietaren lagun eta kide oso gertukoa izandakoa. Irakasle jubilatua da egun Txapas, nahiz eta inoiz ez den heziketa mundutik erretiratuko. Bere bizitzan hamaika abesti sortuak dauzka eta astero astero egiten die ikasgelara bisita haurrei kontu-kantari. Abesti horien artean Ostirala iritsi da da Txapasek sortutako kanturik ezagunena, ostiralero ikastetxe askotako jolastokietan entzun genezakeena. «Honengatik guztiagatik, lan honekin Katxiporreta Kooperatibak aitortza egin nahi die Txapasi eta berak bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!