Lekale beltza da, gaur, Tolosako protagonista eta ez da gutxiagorako: azoka bereziko postuen eskaintzaz harago, bi txapelketek bereganatu dute arreta, batetik, Tolosako babarrun ekoizleen 29. lehiaketak; eta, bestetik, Gure Kaiola elkarteak antolatutako XXXVII. Tolosako babarrunaren lehiaketa gastronomikoak.
Ekoizleen norgehiagokan, guztira, 25 parte hartzaile izan dira eta eskualdean geratu dira hiru sari nagusiak: txapela Berastegiko Ibaiondo etxeko Sebas Gartziarenak jantzi du —zeinak 2019an ere irabazi zuen txapelketa—, bigarren postua Tolosako Gorregi baserriko Estitxu Suduperentzat izan da, eta hirugarren Albizturgo Iriarte baserriko Alberto Labaka sailkatu da.
Lehiaketa gastronomikoan ere 25 bikotek hartu dute parte, eta Tolosako Iurre elkarteko Iñaki eta Xabier Beitia aita-semeek irabazi eta Tolosaldeko bikote onenaren saria ere eskuratu dute. Haien atzetik, Ibarrako Bixente Artola eta Alberto Zubelzuk lortu dute bigarren saria, eta hirugarrena Juan Rangel eta Marina Plano garinoaindarrentzat izan da. Emakume bikote onenari ere eman diote saria aurten eta garaikur hori irabazi du Estibaliz Nuñezek eta Maria Belen Mirayesek osatutako bikoteak.
Arratsaldera begira
Eguerditik aurrera ere jarraituko du ospakizunak, hain zuzen, erromeria saio berezia izango baita Berdura Plazan, herriko trikitilari, dultzainero eta txistularien eskutik. Ondoren, Jainekin Txaranga kalez kale arituko da, eta 22:30ean, Gozategi taldearen kontzertua hasiko da, Plaza Berrian.