Gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua jarri dute martxan Anoetan eta Iruran, Gizarte Zerbitzuak indartze aldera, bi udalerriek elkarrekin sinatutako akordioari esker. Zerbitzuaren helburua izango da zailtasunak, oztopoak eta krisi-uneak dituzten pertsonen eta taldeen behar sozialei erantzutea eta horretarako lau kidez osatutako taldea ariko da lanean: bi kale hezitzaile, psikologo bat eta koordinatzaile bat. Urrian hasi zen lanean taldea eta urtarrila bitarteko tartea baliatuko du bi herriak ezagutu eta beharren lehenengo diagnostiko bat egiteko.
Azkenaldian Anoetako eta Irurako Gizarte Zerbitzuetan sumatzen hasita daude herritarren beharrak aldatzen ari direla. «Askotarikoak dira herritarren arazo, ondoez eta zailtasunak eta, komunitate mailan, herritar orori laguntzeko programa berri baten beharra ikusi genuen», aipatu du Gorka Murua Irurako alkateak. Gizarte eta hezkuntza arloetan eta arlo psikosozialean esku hartzeko eskumena udalena da eta bi herriek elkarrekin harreman naturala dutela ikusita proiektu bateratua martxan jartzea erabaki dutela azaldu du Bakarne Garmendia Anoetako zinegotziak: «Behar sozialei erantzun egokia emateko talde bakarra osatzea egokia iruditu zitzaigun, baita eskasak ditugun baliabideak modu efizientean erabiltzeko ere»
Lehenengo fasean komunitateko eragileekin harremanetan jarriko da lan taldea; alde batetik, zerbitzuaren aurkezpena egiteko; eta, beste aldetik, eragile bakoitzak identifikatzen dituen beharrak jasotzeko. Bi herrien behar sozialen diagnostikoa egin eta behar horiei egokitutako lan proposamen zehatza egingo dute urtarril amaierarako. Muruak esan du bi udaletan badagoela pilatutako esperientzia eta Anoetako eta Irurako gizarte langileak ezinbestekoak izango direla zerbitzua bideratzeko.
Onuradunen autonomia indartzea eta gizartean txertatzeko nahiz familian eta komunitatean elkarbizitza egokia lortzeko, gaitasun pertsonalak garatzea da zerbitzuaren helburua. Kalexka elkartea arduratuko da zerbitzua eskaintzeaz eta Fermin Martin arduradunak azpimarratu du arreta bi modutara landuko dutela: «Zuzenean pertsonekin, familiekin eta taldeekin elkartuz eta, bestetik, zeharka gainerako eragile eta zerbitzu-sistemekin koordinatuz».
Gizarte eragileen artean, Garmendiak herriko bi ikastolak, aisialdi zerbitzuak edota osasun arduradunak aipatu ditu eta, hasierako fasean ez ezik, zerbitzua aurrera eramateko haiekin elkarlana egitea ere ezinbestekoa izango dela aipatu du. Hain zuzen, prebentzioa sustatzeko esku hartzeko taldeak lana egingo du komunitateko eragile guztien arteko elkarlanari balioa emanez, Martinek argitu duenez, «pertsonen eta taldeen zailtasun sozialak gainditzea guztion erantzukizuna baita».