Korrontzi eta eskualdeko dantzariak, ostiralean, Leidorren

Ataria 2024ko abenduaren 11

Talde bizkaitarrak Tolosan egingo du 20. urteurreneko birako azken kontzertua, Udaberri, Otsolar eta Oinkari taldeekin batera

Korrontzi musika talde bizkaitarrak 20 urte bete ditu aurten. Efemeridea ospatzeko, bere hamabigarren diskoa argitaratu du: Korrontzi 20. Sorpresaz betetako lana aurkeztearekin batera, Euskal Herrian zein munduan zehar bira berezia egiten ari dira, eta ostiralean, Tolosan egingo dute azken kontzertua. Leidor antzokian izango da, 20:00etan. Sarrerak eskuragarri daude oraindik Leidorreko leihatilan edo Leidorantzokia.janto.es webgunean.

Agus Barandiaran buru duen taldea lehen aldiz izango da Tolosan, eta azken bi hamarkadetan ezagunak egin diren folk abestiak entzuteko aukera izango da. Ez da bakarrik arituko, Tolosako Udaberri Dantza Taldea ere igoko baita oholtzara, zazpi probintzietako euskal dantza tradizionalak folk musikarekin interpretatzera. Ez da talde bizkaitarra eta tolosarra elkartuko diren lehen aldia izango, ordea, 2022an, Boiseko (Idaho, AEB) San Inazio jaialdian parte hartu baitzuten. Udaberriz gain, eskualdeko beste bi taldek ere parte hartuko dute: Lizartzako Otsolar dantza taldeak eta Amasa-Villabonako Oinkarik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!