Gabonetako Gehigarria 2024

Zergatik ez oparitu  osasun pilula bat?

Ataria 2024ko abe. 13a, 12:30

Osasuntsu egotea ez da gaixotasunik ez izatea, edo behintzat ez da hori bakarrik. Ongizate fisiko, mental eta soziala izatea da gakoa eta geroz eta gehiago dira horretara bideratutako profesionalak; nutrizionistak, fisioterapeutak, hortz-osasunaz arduratzen diren profesionalak... 

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera osasuntsu egotea erabateko ongizate fisiko, mental eta soziala izatea da, eta ez bakarrik gaixotasunik ez edukitzea. Pertsona bakoitza desberdina da eta adinaren edo bizimoduaren arabera kontzeptu horren atzean dauden ezaugarriak aldatu daitezke. Hori bai, osasunaren arloan aditu diren askok diote osasun ona izateko elikadura ohitura onak izatea, prebentzioa eta hezkuntza direla funtsezkoak. 

Horiek horrela, adituek behin eta berriz errepikatzen dituzten hainbat gomendio bildu ditugu ondorengo lerroetan. Hasteko elikadura aipatzen dute eta horrekin batera dieta orekatu bat izatearen garrantzia nabarmentzen dute. Adituen hitzetan osasuntsu egoteko beharrezkoa da fruta, barazki, zereal eta lekale askoko eta gantz gutxiko dieta bat izatea. Egunean 5 fruta eta barazki zati, produktu freskoak eta sasoikoak jatea gomendatzen dute eta kontrara azukre eta gatz gutxi kontsumitzea. 

Sedentarismoa saihestea eta ariketa erregularrak egitea da beste gomendioetako bat. Jarduera fisikoak hartutako gehiegizko kaloriak erretzen eta zahartzaroari begira muskuluak eta hezurrak tonifikatzen laguntzen du eta horrek bihotzeko gaixotasunak eta arteria-presioarekin zein kolesterolarekin zerikusia duten gaixotasunak saihesten laguntzen du. 

Substantzia kaltegarriak ekidin eta nahikoa lo egin
Substantzia kaltegarrien kontsumoa saihestea da osasuntsu egoteko beste gakoetako bat, eta alkohola, tabakoa eta droga ez kontsumitzea gomendatzen dute. Beste gakoetako bat atseden hartzea dela diote. Egunean zehar xahututako energia, bai fisikoa eta baita mentala ere, berrezartzeko ondo eta luze lo egitea beharrezkoa dela diote. Egin behar diren lo orduak pertsona batetik bestera aldatu daitekeela diote eta adinaren araberako sailkapen bat hartzen dute oinarri: 3 eta 5 urte arteko haurrek egunean 10 eta 13 ordu lo egitea gomendatzen dute, 6 eta 12 urte artekoek 9 eta 12 ordu artean egitea, 13 eta 18 urte artekoek 8 eta 10 ordu artean eta hortik gorakoek 7 ordu edo gehiago lo egitea gomendatzen dute. 

Atsedena kalitatezkoa izan dadin, komeni da afarian otordu astunik ez egitea eta ohera joan baino gutxienez bi ordu lehenago egitea. Era berean, jarduera fisikoa egitea gomendatzen dute, nekeak atseden sakonagoa bultzatuko baitu. Lo egitera joan aurretik gailu elektronikorik ez erabiltzea ere gomendatzen dute. 

Arestian aipatu bezala, osasuntsu egotea ez da gaixotasunik ez edukitzea, eta horretarako beharrezkoa da tarteka mediku azterketak egitea. Izan ere, osasun arazoren bat garaiz detektatzeak arriskuak minimizatzen eta patologia modu eraginkorragoan tratatzen lagundu diezaguke. Horretarako, garrantzitsua da aldian behin azterketak egitea bai fisikoari dagokionez, eta baita buru osasunari dagokionez ere. Bada aipatu beharreko beste aldagai bat ere: estresa. Estresak osasun fisikoa eta mentala kaltetzen ditu epe ertain eta luzean. Presio oso handia jasaten dugunean organismoa kaltetzen dugu eta estres hori denbora luzez mantenduz gero, kroniko bihurtu daiteke. Badira bizitza orekatu eta osasungarri bat eraman ahal izateko kontuan hartu beharreko beste hainbat aldagai ere, eta horiek detektatzeko zein laguntza eskatzeko profesional asko daude Tolosaldean. Ez galdu aukera eta Gabon hauetan oparitu osasuna maite duzun horri. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!