Artola kantxetara itzuliko da eta Larrazabalek Peña II.a ordezkatuko du asteburuan

Ataria 2024ko abenduaren 10a

Iñaki Artola, giharretako haustura sendatuta, kantxetara itzuliko da asteburu honetan. Peña II.ak, ordea, ezker eskua minduta du eta ez du jokatuko.

Alegiako aurrelariak egindako azken entrenamenduak onak izan dira, eta ezker hankako iskiotibialetako lesioa gainditu ondoren, frontoietara itzuliko da asteburu honetan. Artolak Mariezkurrena II.arekin osatuko du bikotea ostiral honetan Urretxun, Jaka eta Imazen aurka jokatzeko Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldian.

Bestalde, Peña II.ak ezker eskua minduta bukatu zuen atzo txapelketako bigarren jardunaldia ixten zuen partida, Tolosan, eta asteburu honetan Larrazabalek ordezkatuko du. Amurrioko aurrelariak, Albisurekin batera, Laso eta Iztuetaren aurka jokatuko du ostiralean, Amorebieta-Etxanon.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!