Txapelketako lehen puntua eskura izan du Jon Ander Peñak

Asier Imaz 2024ko abe. 9a, 19:59

Binakako txapelketaren bigarren jardunaldiko azken partida jokatu da gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta Larrazabal-Mariezkurrena II.ak 22-21 irabazi dute.

Txapelketako ohiko partida gogorra jokatu dute gaur arratsaldean Peña II-Albisuk eta Larrazabal-Mariezkurrena II.ak. Distira handirik ez du izan, baina tentsioa, izugarria. Hamar berdinketa izan ditu lehiak, azkena, 21nakoa. Aurrez, ordea, partida eskura izan dute tolosarrak eta ataundarrak, 21-18 jarri baitira aurretik. 

Bikote gorrian Jon Ander Peñak agindu du, eta urdinean, Jon Mariezkurrenak. Partida gogorra izan denez, nekeak atzelariengan izan du eragina, eta hor, Albisuk sufritu du Mariezkurrena II.ak baino gehiago. Pilota asko galdu ditu ataundarrak; guztira, bederatzi. Azken tantoa ere berak galdu du. Peña II.a saiatu da txapelketako lehen puntua lortzen, baina egindako hamaika tantoak ez dira nahikoa izan. Horietatik lau sakez lortu ditu.

Bigarren jardunaldia jokatu ondoren, Peña II-Albisu azken aurreko postuan daude, garaipenik gabe. Bestalde, Iñaki Artolak txapelketako lehen puntua lortu du gaur, nahiz eta ez jokatu. Alegiarrak hirugarren jardunaldia jokatzea espero da, Urretxun ostiral honetan. Artola-Mariezkurrena II.aren aurkariak Jaka-Imaz izango dira. 

Eskualdeko beste pilotarien emaitzak ondorengoak izan dira. Iztueta tolosarrak 22-18 irabazi zuen, Laso lagun, Jaka lizartzarraren eta Imazen aurka. Jokin Altunak 22-3 galdu zuen, Aranguren atzean zuela, Elordi-Zabaletaren aurka. Laso-Iztueta bikotea sailkapen nagusian bigarren postuan dago, Ezkurdia-Rezustarekin berdinduta. Jokatutako bi partidak irabazi dituzte. Jaka-Imaz eta Altuna III-Aranguren garaipen bakarrarekin daude.

Bigarren maila
Gabirondo gazteluarrak beste garaipen bat lortu zuen asteburuan. Dariorekin bikote gogorra osatzen duela erakutsi zuen, nahiz eta partidaren bigarren zatian latz sufritu. Salaberria-Gaskue 19an utzi zituzten errioxarrak eta eskualdekoak. Bi garaipenekin sailkapeneko lehen postuan daude. 

Tolosaldeko beste ordezkaria Ugartemendia da, bigarren mailako txapelketan. Alkizarrak ez zuen asteburuan jokatzerik izan, eta bere lekua Lizeagak hartu zuen, Alberdi II.a aurrean zuela. 22-21 galdu zuten Zubizarreta-Morgaetxeberriaren aurka. Sailkapen nagusian azken postuan daude, garaipenik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!