Hainbat ekitaldi, aurreiritziak ekiditeko

Ataria 2024ko abenduaren 6a

Giza Eskubideen eta Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunen harira, Amasa-Villabonan, Anoetan eta Tolosan izango dira ekitaldiak, eta atzerritik etorritako herritarren inguruko aurreiritziak ekiditea izango dute helburu.

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hilaren 18a, berriz, Pertsona Migratzaileena. Bada, bi egun horien aitzakian, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren aurreiritziak eta zurrumurruak ekiditeko helburuarekin lau kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, Amasa-Villabonako, Anoetako eta Tolosako udalen, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Zutani eta Mestiza elkarteekin elkarlanean.

Lehen ekitaldia abenduaren 11n izango da, Tolosako jabetze eskolaren barruan. Hain zuzen, Hija de inmigrantes liburuaren aurkezpena egingo du Safia El Aaddam egileak Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, 18:00etan. Ekitaldirako izen ematea Andragoran bertan egin ahalko da, edo bestela, Tolosako Udaleko berdintasun sailean, online

Hurrengo ekitaldia abenduaren 13an izango da. Behibi´s antzerki konpainiaren eskutik Bueltaka txotxongilo antzezlana izango da ikusgai., Villabonako Gurea zineman, 09:30ean. Migrazioa eta ingurumena uztartzen dituen antzezlana da, eta Villabonako hezkuntza komunitateari zuzenduta dago, zehazki, LH 4 eta LH5eko ikasleei.

Abenduaren 19an izango da hurrengoa. Tolosako Zutani elkarteak antolatuta, Xabier Madariagaren hitzaldia izango da, Topic zentroan, 18:30ean.

Azken hitzordua abenduaren 27an izango da. Liburu bat, mundu bat ipuin kontaketaren bi saio izango dira Anoetako liburutegian Mestiza elkartearen eskutik. Lehena 10:30ean izango da, eta bigarrena 11:45ean. Liburutegian eman beharko da izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!