Udan Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Osasun Sailari egindako bilera eskariak izan du erantzuna. Azaroaren 7an, eskualdeko alkateak Alberto Martinez Ruiz Osasun sailburuarekin eta bere lan taldearekin bildu ziren. Alkateen mugimenduak adierazi duenez, «bilera giro egokian egin zen eta, orain arte ez bezala, elkar ulertzeko ahalegin argia egon zen».
Alkateek Lehen Arretak eskualdean dituen arazoak mahai gainean jarri zituzten, besteak beste, mediku falta eta ordutegien murrizketak. «Aipamen berezia egin genion ere hizkuntzaren aferari. Tolosaldea oso eskualde euskalduna izanik, osasun arreta euskaraz izateak duen garrantzia eta arlo honetan ditugun ageriko gabeziak azpimarratu genituen».
Hala ere, alkateen mugimenduak nabarmendu du, bereziki, eskualdeko osasun arreta ospitalarioaren gaia jorratu zutela, eta plan funtzionalak sortzen dizkien kezkak mahai gainera eraman zituztela. «Eskaera zuzena egin genion Osasun Sailari. Modu argi eta zehatzean azaldu dezatela zer zerbitzu izango dituen zentro berriak eta zeintzuk diren etorkizuneko aurreikuspenak. Hau da, zer artatuko da hemen? Non egingo dira hemen artatuko ez diren patologiak? Zein izango da gure erreferentziazko ospitalea? Planteamendu argi bat egitea eskatu genien, baita beren bide-orria zein den azaltzea ere».
Asuncion Klinika
Alkateek baieztatu dutenez, Osasun Saila prest agertu da eskualdeko osasun profesionalekin, eragileekin eta udalekin elkarlanean osasun proposamen bat definitzeko. «Horrez gain, lehen aldiz, Asuncion Klinikako errealitatea ere kontuan hartuko dela adierazi ziguten. Guk, konpromisoa eskatu genien, Inviza enpresarekin indarrean dagoen kontratua bete dadin ahalegina egin dezatela. Lanketa egin eta ondorioak ateratzeko denbora eskatu digute, eta halaxe errespetatuko dugu». Horri lotuta, klinikak azken urteetan inbertsio handiak egin dituela azpimarratuz, eraikin berri bat eraikitzearen eta gaur egungo klinika publifikatzearen abantailak eta desabantailak zeintzuk izan daitezkeen aztertzea eskatu zuten alkateek.
Ondorioz, alkateen mugimenduko kideek «positiboki» baloratu dute Osasun Sailak elkarlanerako adierazi zien prestutasuna. «Tolosaldeko Alkateen Mugimenduaren helburu bakarra gure eskualdeko herritarrek osasun arreta publiko oso eta kalitatezkoa jasotzea da, eta helburu hori partekatzen dutela azaldu ziguten».