Maria Lasa eta Juan Garikano, garaile Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketan

Ataria 2024ko abenduaren 4a

Probaren sari banaketa. GUKA

Guztira 700 bikote pasatxok bukatu zuten lasterketa, eta bikote irabazlea Maria Lasa irurarrak eta Juan Garikano tolosarrak osatutakoa izan zen. Zarautz Rugby taldeak hirugarrenez antolatu du proba.

Batzuk puntan-puntan aritu ziren hasiera-hasieratik garaipena lortzeko lehian, eta beste batzuk, berriz, proba herrikoian gozatzeko beste erronkarik ez zuten izan, lagunartean eta familiartean korrika irtetea, alegia. Buruan, ondoren podiumerako borrokan ariko ziren bikoteak jarri ziren lehen itzulia osatu baino lehen. Pixkana-pixkana, ordea, Lasa-Garikanok pausoak bizkortu zituzten, tartea zabalduz.

Atzetik, Maite Carrica donostiarra eta Mikel Leal irundarra, Nerea Urteaga zumaiarra eta Iñaki Salaberria eskoriatzarra, Nerea eta Iñaki Murua anai-arreba altzotarrak eta June Agirrezabalaga eta Aritz Arregi zarauztarrak joan ziren, eta lehia interesgarria bezain irekia zegoela ikusi zen. Azkenean, hurrenez hurren, postu horietan helmugaratu ziren.

Argazki galeria ikusgai hemen

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!