Martxan dira Irura eta Villabona lotuko dituen bidegorria egiteko lanak. Hamaika hilabete irautea aurreikusten dute eta, guztira, 2.4 milioi euro inguruko aurrekontua dute. Bidea 1,83 kilometro luze izango da, eta bizikletentzako zein oinezkoentzako egokituko dute.
Villabona irteerako Ibaiondo industriagunean hasi dira lanean, bertan eraikiko dutelako N-1 errepidea gainetik gurutzatuko duen pasabidea eta, azaldu dutenez, hori delako obraren «zati zailenetako bat», leku «gutxi» dagoelako lanak, errepidea eta aparkalekuak uztartzeko. Amasa-Villabonako Beatriz Unzue eta Irurako Gorka Murua alkateek adierazi dute herritarren zein udalen «eskaera historikoa» dela bidegorria eta, oro har, pozik hitz egin dute lanak hasi izanaren inguruan.
Biek ala biek aipatu dute bide berriak «onura nabarmenak» izango dituela bi herrietako biztanleentzat segurtasunari dagokionez. Eta, horrez gain, Muruak gaineratu du Irurako Laskibar industriaguneko lantegietatik ere jaso izan dutela eskaera, langileak autorik gabe bertaratzeko aukera izan dezaten.
Autobidearekin paraleloan
Bide berria autobidearen alboan egingo dute. Zergatik, ordea? Lantegien aurretik egitea zen beste aukera, baina hori baztertzea erabaki zuten «arriskutsuegia» zelako ibilgailuen sartu-irtenak zirela-eta.
Hori kontuan hartuta, alkateek azaldu dute eskatu zituztela «haizetik eta zaratatik» babesteko panelak, baina ukatu egin dizkiete: «Autobide bazterreko babesetatik tarte batera ezin da ezer jarri, horiek tolesteko duten joeragatik».
Alde batetik bestera gurutzatzeko, berriz, gaineko pasabide bat jarriko dute, eta egokituta egongo da oinezkoentzat zein bizikletentzat. Bestalde, berria egingo badute ere, aurretik oinezkoentzat jarrita dagoena mantendu egingo dutela ere argitu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du obra eta Campezo obras y servicios enpresa arduratuko da gauzatzeaz.
Mugikortasunaren auzia
Irurako zein Amasa-Villabonako Udalek aipatu dute bi herrien arteko lotura hobetuko duela bidegorriak, eta oinez zein bizikletaz mugitzen direnen «mugikortasun iraunkorra» eta «segurtasuna» sustatzen lagunduko duela.
Dena dela, mugikortasunaren arloari dagokionez, nabarmendu dute «benetan jasangarria» izatea bada helburua, horretarako «baliabideak» eskura jarri behar direla: «Garraio publikoaren maiztasuna handitzea eskatu izan dugu, eta txikitu egin da. Egia esan, atzerapauso bat dela esan daiteke». Hari berari tiraka gaineratu dute gaur egungo autobusen zerbitzua «ez dela nahikoa» herritarren beharrak asetzeko, eta osatuago bat aldarrikatzen jarraituko dutela.