Euskararen Eguna 2024

«Euskaltzaleok ekin egin behar diogu, baikortasunetik baina ekin»

Jon Miranda Labaien 2024ko abe. 3a, 11:57

Larunbatean, 18:00etan, Euskal Herrian Euskarazek deituta, Durangoko Landako gunetik manifestazio nazionala abiatuko da 'Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika' lelopean; Intza Gurrutxaga elkarteko kidea da.

Larunbateko mobilizazioa aurkezteko saioetan euskaltzaleen gogoa sumatzen ari da Intza Gurrutxaga (Getaria, 1996). EHEko kideak Tolosaldeko euskaltzaleak deitu ditu manifestaziora. Galtzaundik autobusa antolatu du Durangora joateko.

EHEren ustez ez da ikuspegi kontua, sendo frogatua baizik euskara larrialdi egoeran dagoela. Zergatik?

Geroz eta batasun handiagoa dago euskalgintzan larrialdi kontzeptuaren inguruan eta EHEn bat gatoz diagnosi horrekin. Adierazleetako bat da geroz eta barneratuagoa dugula banaketa administratiboa eta horrek zuzenean eragiten duela nazio pultsuan. Bestalde, datu soziolinguistikoak irakurtzeko modua ere aldatu du Iñaki Iurrebasoren tesiak; berak dio hizkuntza gaitasunaren jaitsierak apaldu egin duela euskararen erabilera. Alde horretatik estankatuta gaude. Gainera, joera orokorrak ere ez ditugu, preseski, gure alde. Mundu globalizatuaren indar horiek geroz eta azkarrago iristen zaizkigu. Homogeneizazioak hizkuntza gutxitu asko desagerrarazten ditu eta euskara ere arriskuan dago.

Larrialdi egoeran dago euskara , eta erasoaldi betean ere bai?

Bai. Eta erasoaldia ez da bakarrik judiziala, oldarraldi politikoa ere bada. Hedabide batzuetatik diskurtso jakin batzuk zabaltzen dituzte euskararen normalizazioa oztopatzeko. Euskal Herrian eta euskararekin gertatzen dena ez dugu modu isolatuan ulertzen. Munduan ultraeskuina gora ari da etengabe eta horrek atzerapausoak dakartza eskubide sozialetara, baita hizkuntza eskubideetara ere. Altoa eman behar zaio faxismoari.

Orain arte euskarak egin dituen aurrerapenak arriskuan egon daitezke?

Bai. Gure hizkuntza desagertzear egotetik normalizazio bidean jarri da, indar erakustaldi ikaragarri bat egin ondoren. Azken hamarkadan geldialdi moduko bat bizi dugu eta abagune hau baliatu nahi dute batzuek eraso egiteko. Asko kostata eman ditugun pausoak, gu konturatzerako, atzerapauso bihur daitezke.

Nola eta norekin osatu nahi duzue faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea?

Euskaldunok zapaltzen dituen sistema horrek berak zapaltzen dituen gizarteko beste sektoreekin: emakumeekin, LGTBI kolektibokoekin, etorkinekin, langile klasekoekin... Euskal Herri askeago eta justuago bat irudikatzen duten bestelako borrokekin indarrak bateratzea dagokigu. Elkarrekin eser gaitezen, elkar ulertu dezagun eta elkar errespetatuz aliantzak sor ditzagun. Ea posible dugun norabide berean arraun eginez, elkarrekin euskararen errepublika eraikitzea.

Eguneroko borroka ere bada euskararena. Zein jarrera hartu behar lukete euskaltzaleek?

Euskaraz bizitzea hautu politikoa da, eta gaur egungo gizartean erronka bat. Horregatik garbi eduki behar dugu gure hizkuntza eskubideak zapaltzen dituzten bi estatu ditugula aldamenean eta horiei aurre egin behar diegula. Kontzientzia hori piztea da EHEren eginbeharretako bat. Gararazi Arrulak Korrika bukaeran esan zuen bezala, ekosistema osoa behar du euskarak, behar ditu arnasguneak eta lehentasunez euskara hutsezkoak izango diren eremuak. Dena du beharrezkoa euskarak. Tokian tokiko borrokak piztea izan daiteke bideetako bat.

Ez gara hutsetik abiatzen, ordea. Euskararen normalizazioak badu urteetako esperientzia. Zer ikasi dezakegu bide horretatik?

Gauza asko. Esate baterako, herria aktibatzeko gure aurrekoek izan zuten gaitasunean jarri dezakegu arreta. Ikastolen sorreran, adibidez, irakasle eta gurasoak inplikatu ziren, berdin alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan, edota euskarazko hedabidegintzan. Argi zuten Euskal Herri euskalduna eraiki behar zela eta prest agertu ziren lan egiteko. Inspiragarria izan daiteke guretzat, zergatik ez. Ezin dugu konformatu jasotako erasoei erantzute hutsarekin eta ez da nahikoa adostasun zabalak eraikitzea joera horiei aurre egiteko. Gure helburuetan berretsi eta horietara iristeko indar handiagoa egin behar dugu orain.

Zuk nola irudikatzen duzu euskararen etorkizuna hemendik 10 urtera?

Euskal Herri independente eta euskaldun batean bizitzea gustatuko litzaidake. Ez dut esan nahi erraza izango denik edo berez etorriko denik, borrokatu egin beharko dugu. Gure hizkuntza eskubideen kontra datoz, beraz, elkarrekin antolatu beharko dugu horren aurka egiteko. Euskaltzaleok ekin egin behar diogu, baikortasunetik baino ekin; eta, beti ere, baikortasunak ezin gaitu inaktibo egotera eraman. Aktibatu egin behar dugu euskaltzaleok, fronte zabala osatu eta lan egin. EHEtik pedagogia euskaltzalea eta independentista egiten jarraituko dugu.

Estatu independente batek, bere horretan, bermatuko al du euskararen normalizazioa?

Badabiltza ahots batzuk esaten euskara despolitizatu egin behar dela, baina guretzako euskararena auzi politiko bat da eta politikoki erantzun behar zaio. Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, beharrezkoa izango da euskara ardatz izango duen independentzia lortzea, hau da, euskararen errepublika eraikitzea. Guk ez dugu bestelako Euskal Herririk irudikatzen. Gure hizkuntzak bizi duen egoera ez da ausazkoa, etengabe gure hizkuntza eskubideak zapaltzen dituzten bi estatuek eragindakoa baizik. Euskal Herri euskalduna bermatzeko, behar ditugu estatu batek eskaini ditzakeen instrumentu guztiak; tresna horiekin egin beharko diegu aurre gure aurka datozen joera globalizatzaile horiei, erreminta horiek gabe ezinezkoa egingo baitzaigu.

Zer espero duzue larunbatean deitu duzuen manifestazio nazionaletik?

Jende asko batzea espero dugu. Badakigu azokara joateko autobusak ari direla antolatzen herrietan eta bueltarako ordua atzeratu dute askok, manifestazioan parte hartzeko. Tolosaldean, Galtzaundik antolatu du eta, beraz, autobusa hartzeko asmoa dutenak animatu nahi ditugu manifestaziora. Denon artean eraikiko dugu burujabetzea, gurekin batera bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin. Mundu ilun honetan itxaropen argi eta inspirazio iturri izan daiteke euskararen errepublika. Herri euskaldun eta burujabe bat nahi duten guztiak gonbidatzen ditugu, hortaz, Durangora etortzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!