Euskararen Eguna 2024

Kirolean ere, euskaraz

Imanol Garcia Landa 2024ko abe. 3a, 11:56

Intxurre infantil taldea Goierri Gorriren aurka, aurreko denboraldian. PATXI RENOBALES

Kirol klubetan euskararen erabilera da nagusi, bai barrura begira zein kanpora. Zenbait klubetan, gainera, konpromiso berezia erakusten dute euskararen alde.

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako, Tolosako eta Villabonako kirol entitateen hizkuntza erabileraren azterketa egin zuen 2022an, eta hainbat ondorio atera zituen bertatik. Horietako bat, kirol taldeen barneko ahozko funtzionamendua euskaraz dela, eta ez dagoela gaztelaniaz bakarrik funtzionatzen duen talderik. Horrez gain, kanpora begira egiten duten guztian euskara txertatuta dutela eta are gehiago, nagusitu egiten dela. Epaileetan arrakala dagoela jaso zuen azterketak eta kirol federazioek pauso bat emateko beharra dutela.

Kirolariekin duten harremanaren inguruan, entrenamenduetan euskara dela hizkuntza nagusia jaso zuen azterketak, eta emakumezkoen entrenamendu-taldeak direla euskaldunenak. Bestalde, adinean geroz eta gorago, orduan eta presentzia gutxiago du euskarak entrenamenduetan. Horrez gain, haur eta gazteei bidaltzen zaizkien jakinarazpenetan gaztelera ere badagoela jaso zen. Kirolei begiratuz gero, eskubaloian eta areto futbolean entzuten da euskara gutxien, eta atletismoan eta pilotan gehien.

Tolosaldea Igeriketa Kirol Taldeak parte hartu zuen Galtzaundi Euskara Taldearen azterketan. «Gure taldean euskaraz komunikatzen gara, eta gurekin hitz egitean euskaraz egiten dute beti igerilariek», esan du Beñat Bidaola taldeko entrenatzaileak. «Badaude hiru bat igerilari euskaraz ez direnak moldatzen, baina taldeari zuzentzen garenean euskaraz aritzen gara, eta gero horietako norbaitek behar badu, erdaraz azaltzen diogu». Taldetxoren batean gaztelaniaz mintzatzen entzuten dutenean, euskaraz aritzeko esaten diete. Bestalde, Bai Euskarari Ziurtagiria du igeriketa klubak, eta urtero galdetegi bat betetzen dute euskararen erabileraren inguruan.

Gurasoekin izaten duten harremanean azken urteotan aldaketa nabaritu dela azaldu du Bidaolak: «Orain 15-20 urte gaztelaniaz gehiago hitz egiten zen, eta gaur egungo gurasoekin ia dena euskaraz egiten dugu».

Igeriketa federazioekin duten harremanetan euskara gailentzen dela zehaztu du. «Gipuzkoako federazioarekin euskaraz egiten dugu. Aurreko Euskadiko federazioko presidenteak gaztelaniaz egiten zuen, eta gaur egungo idazkariarekin euskaraz aritzen gara», esan du Bidaolak. Gipuzkoako federazioaren kirol arduradunarekin ere euskaraz hitz egiten dute. «Modu naturalean euskaraz egiten dugu, eta norbaitengana gaztelaniaz zuzentzen bagara, pertsona horrek euskaraz ez dakielako izaten da».

IDATZIAK, EUSKARAZ BAKARRIK

Euskararen erabilerari garrantzia ematen dion beste klub bat Alegiako Intxurre futbol taldea da. Gipuzkoako Futbol Federazioarekin erabat euskaraz aritzen direla azaldu du Patxi Renobales klubeko arduradun orokorrak: «Idatzi guztiak euskaraz bidaltzen ditugu, eta euskaraz bakarrik, ez ditugu bi hizkuntzetan bidaltzen. Are gehiago, orain pare bat edo hiru aste epaile batek aktan gaztelaniaz idatzi zituen hainbat konturi, gero guk euskara hutsean erantzun genien». Euskaraz aritzearena «oso barneratuta» dutela gaineratu du, eta herrian zehar zabaltzen dituzten idatziak eta kartelak ere euskara hutsean izaten direla.

Entrenatzaileek kirolariei euskaraz egiten dietela zehaztu du. «Entrenatzaile guztiak herrikoak dira eta denek egiten dute euskaraz. Zelaiaren barruan euskaraz egiten dute taldekoek; gero agian kuadrillan-eta tarteka egingo dute gaztelaniaz, baina gurean euskaraz aritzen dira». Gipuzkoan futbolaren esparruan euskararen presentzia nabarmena dela azaldu du Renobalesek. «Donostialdean entzuten da gaztelaniaz zerbait gehiago, baina orokorrean euskara entzuten da. Gipuzkoako federazioak antolatzen dituen asanbladetan euskaraz barra-barra egiten da, eta jendea ez da kexatzen».

Aldaketa handiena epaileen artean ikusi du azkenaldian. «Epaileen eremua lehen gaztelania itxian izaten zen, hasi lehendakaritik eta batzordean zeuden guztietara. Oso zaila zen epaile batek euskaraz egitea», azaldu du Renobalesek. «Federaziotik egin den lanketarekin, hori aldatzen joan da. Idatziak gutxienez bi hizkuntzatan bidaltzen ditu. Gure aldetik beste hainbat klubi esan diegu idatziak euskaraz bakarrik bidaltzen ditugula». Bide batez, Gipuzkoako beste hainbat klubetan ere ikusten du euskararen erabilerarekiko konpromisoa areagotzen doala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!