Hainbat eremutan hizkuntza nola erabiltzen den adierazten du eskualde bateko hizkuntza paisaiak: merkataritzako iragarki eta errotuluetan, kale eta errepideetako seinaletan, eraikin publikoetan eta bide publikoetan dauden idatzietan adierazten da. Eta, aldi berean, paisaia horrek islatzen du eskualde bateko sistema soziolinguistikoa; hizkuntzen arteko bizikidetza, prebalentzia edo hegemonia harremanak uzten ditu agerian.
Tolosaldeko udalerrietan seinaletika eta kale izendegia euskarazkoa da. Udalek, ahal den guztietan, idatziak euskaraz bakarrik jartzeko apustua egiten dutela aipatu du Amasa-Villabonako euskara teknikariak, Maite Arregik: «Zenbait kasutan baloratu egiten da kartelen batek elebitan joan behar ote duen, baina kasu horietan, euskaraz nabarmenago jartzen da beti. Gure hizkuntza irizpideetan horrela jasota dago eta, zehaztuta, lodiz eta bi puntuz handiagoa den letran agertu behar dutela hizkiek euskaraz».
Kontratatutako zerbitzuetan ere Amasa-Villabonako Udalak aplikatzen dizkie hizkuntza klausulak esleipendunei: «Gutxienez euskaraz, eta elebitan egitekotan, euskaraz nabarmenduago agertzeko eskatzen zaie, ez dadila izan elebitasun simetriko bat». Aurrera begira, entitate pribatuei ere hizkuntza irizpide horiek aplikatzeko aukera aztertzen ari dira orain. «Udalera baimen administratibo bat eskatzera datorrenak, beste hainbat baldintza bete behar dituen bezala, hizkuntzarekin lotutakoak bete ditzan zein pauso eman behar diren aztertuko dugu», esan du Arregik.
Eskualdeko beste hainbat udalek bezala, Amasa-Villabonakoak itzulpen eta karteldegi zerbitzuak eskaintzen ditu doan. «Guk kartelak euskaratu, diseinatu, plastifikatu eta eskura ematen dizkiegu, nagusiki, saltokietako arduradunei. Itzulpenari dagokionez, herriko zenbait tabernarik ia astero eskatzen dute euren menua euskaratzeko euskara zerbitzuan», aipatu du teknikariak.
LANKETA SALTOKIEKIN
Arregiren ustetan herriko saltoki txikiek udala erreferentziatzat dute: «Guregana jotzen dute eta gu saiatzen gara azpimarratzen norberaren establezimendurako gehitutako balio bat dela hizkuntzarena; euskaraz egitea kalitatearen seinale dela eta euskaraz bizi direnek estimatuko dietela keinua». Amasa-Villabonan urtero behatzen dituzte herriko saltokiak eta horretarako Galtzaundi Euskara Taldeko teknikarien laguntza izaten dute.
2018tik egiten dituzte neurketak eta Galtzaundiko Amaia Doyaguek nabarmendu duenez, Amasa-Villabonako emaitzek erakusten dute urte hauetan saltoki txikietan eman den saltoa. «Sei urtean, hogei puntutan igo da euskararen presentzia saltoki kanpoko idatzi informatiboetan eta hamar puntutan, berriz, errotulu nagusietan».
Merkealdi garaian egiten dute lanketa berezia eta Galtzaundiko teknikariek merkatarien eskura jartzen dituzte hizkuntza zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideak. Aldi berean, diru laguntza lerroen inguruko informazioa eta karteldegi edo itzulpen zerbitzuen berri ematen zaie. Eskaera «handia» izaten dela aipatu du Doyaguek eta, urtero, 500 kartel baino gehiago egiten dituztela.
Merkealdietako bisita berezituekin batera, aldizkako kanpainak ere egiten dituzte, adibidez, inauterien atarian, ostalaritza saltokiekin. Gainera, kanpaina berezituak ere bultzatu ditu Galtzaundik azkenaldian: fruta denda, harategi eta arrandegietan. «Berezituak izanagatik, jarraipena ematen diegu kanpaina hauei eta denda hauentzako etiketak sortzen jarraitzen dugu. Ehunka egiten ditugu urtean».
Erronkarik handiena maiz aldatzen diren kartelekin dutela aipatu du Doyaguek. Dena den, euskara taldeko kideek uste dute azken urteetan egindako lanketak eman dituela emaitzak eta bilakaera «positiboa» izan dela. Norabide horretan eskualdeko hizkuntza paisaia neurtzen ari dira orain: 600 saltokitik gora behatuko dituzte Ibarran, Villabonan eta Tolosan. Azkenaldian, Tolosaldea LHIIko merkataritza arloko ikasleek lagundu diete Galtzaundikoei saltokien behaketan.
Arregik eta Doyaguek azpimarratu dute udalek lanketa hau establezimendu txikiekin egiten dutela, euren eragin eremutik kanpo geratzen direla saltoki handiak. «Hala ere, herritarrek ikusten badute hizkuntza eskubideren bat urratzen zaiela saltoki horietan, Behatokiaren euskararen telefonoan sala dezakete», esan du Galtzaundiko kideak.