Euskalgintzak argi eta garbi hitz egin du; larrialditik indarraldira igarotzeko garaia da. Larrialdi gisa izendatzeko arrazoi bat baino gehiago dago, baina hiru argudio nagusi eman ditu. Lehena da eremu euskaldunenetan atzera egiten ari dela euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera dela euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago izatea. Bigarrena da eremu zabal batean, euskarari ukatu egiten zaiola ofizialtasuna, nor izatearen gutxieneko aitortza, taxuzko politika publikoak aurrera eramateko aukera; ofiziala den eremuan, berriz, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, normalizazioaren eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra. Eta hirugarrenik aipatu du globalizazioaren egungo aldaera homogeneizatzailearen eraginez, hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago direla, eta minorizatuak are eta zaurgarriago. Egoera ikusita mobilizazio sozial «handi» bat prestatzen ari dira 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren inguruan.
Kale erabilera
Tolosaldeko herri guzti-guztietan euskararen kale erabilera %50etik gorakoa da, baina horrek ez du esan nahi eskualdea larrialdi egoeratik salbu dagoenik.
Tolosaldeko herri euskaldunenetan euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea handitzen ari da. 2022ko datuen arabera herrietan sumatzen da euskararen erabilera jaisten ari dela, eta ikastetxeetan ere gero eta kezka handiagoa dago. Datu esanguratsu bat da Elduain %100 euskaldun izatetik %90 izatera jaitsi dela. Jaitsiera eman da orokorrean, dena den, bereziki herririk euskaldunenetan edo arnasguneetan. Euskara da Tolosaldean herritar gehienen lehen hizkuntza (% 53), eta hamarretik ia batek gaztelaniarekin batera jaso du euskara etxean (% 8); % 39k erdarak dituzte lehen hizkuntza. Esaterako, 1991. urtean, 20 herritan hamarretik zortzik zuten euskara lehen hizkuntza. Gaur egun, ordea, zortzi herritan bakarrik gertatzen da hori.
1991n, %68ko ezagutzarekin, %50ekoa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %43koa da. Tolosaldeko joera da beraz, euskararen kale erabilera indartu egin dela, baina herri txiki gehienetan euskararen erabileran beherakada antzeman dutela.
Azken urtean bi herriren inguruko datuak jaso dira; Ibarra eta Tolosa. Ibarran azken 20 urteetan lau puntu jaitsi da euskararen erabilera. Elkarrizketen %52,3 egiten da euskaraz; %43,4, gazteleraz; eta %4,3 gainerako hizkuntzetan. 2023ko azterketan 864 elkarrizketen eta 2.501 hiztunen informazioa bildu dute. Gazteen artean (%72) erabiltzen da euskara gehien, eta apur bat gutxiago haurretan (%67). Jarraian, heldu-gazteek darabilte gehien (%50); hurrena, heldu-nagusiek (%39) eta, gutxien, adinekoek (%37). Dena dela, bada alderik gazteen artean ere: 24 urtez azpikoen %68ak erabiltzen du; eta 25 urtetik gorakoetan, berriz, %41ak.
Tolosan bere aldetik, euskararen erabilerak hirugarren aldiz gainditu du %50eko langa. 1985etik orain arte erregistratutako daturik altuena da, 2022ko neurketarekin batera, iazko kale neurketak emandakoa: %52,3an egiten da euskaraz; gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta adinean zenbat eta gorago joan, orduan eta txikiagoa da erabilera.
Ikasleek, gora
Tolosan erabilerak eta ikasleen kopuruak egin dute gora. Aitzol Udal Euskaltegiko 2024-2025 ikasturterako izen ematea nabarmen igo da, 240 ikasle baino gehiagok eman dutelarik izena. AEK euskaltegia ere pozik dago ikasturte honetako datuekin. Tolosaldean 61 ikasle dituzte eta 10 ari dira autoikaskuntzan. Pasa den ikasturtean Zizurkil, Asteasu, Anoeta eta Alegian sortu ziren taldeak eta aurten jarraitzen dute. Ikaztegietan 6 pertsonako taldea sortu dute gainera.