Itxaso Erasunek ezin izan du finalera igaro

Ataria 2024ko abenduaren 2a

Behar Zanako pilotariak 22-12 galdu du Goiuri Zabaletaren aurka Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxaren finalerdian. Behar Zanako Amaia Arrillaga aginagarrak ere finalerdia galdu du.

Giro ederrean eta Basauriko pilotalekuko harmailak goraino beteta zirela jokatu ziren atzo aurtengo Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finalerdiak eta, iaz Matienan bezala, Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak lortu zituzten abenduaren 15ean Sestaon jokatuko diren elite mailako finalerako txartelak, kasu bietan, 22-12ko emaitzaz Miriam Arrillaga eta Itxaso Erasun gainditu ostean. Protagonistak berak izango badira ere, final ikusgarria izango da Sestaokoa, momentu oso desberdinean helduko diren bi pilotariren artean.

Lehen finalerdia estilo arteko talka bat izan zen Goiuri Zabaletaren eskumuturraren magiaren artean eta Itxaso Erasunen indarraren artekoa, eta azkenerako leitzarraren kalitatea nagusitu zen partida ikusgarri baten ostean. Egia da nafarrak hasiera-hasieratik hartu zuela markagailuaren agintea, 5-0 aurreratuz, baina tarteka, batez ere lehen erdian, zizurkildarrak asko estutu zuen, batez ere bere eskuinaren indarrari etekina ateratzea lortu zuen bitartean. Finalera sartzerik izan ez duen arren, Erasunek sekulako denboraldia osatu du, bere jokoan aurrera pauso handia eman eta zirkuituko izarren artean leku bat egitea lortuta, besteren artean Olatz Arrizabalagarekin Binakako txapela eta atzo arerio izan zuen Zabaletarekin sanmateotako txapelak jantziz.

Kaiolan, ordea, ikaragarri eroso sentitzen den Goiuri Zabaletaren aurka amore eman behar izan zuen. Leitzako eskolan horren ondo erakusten duten frontisetik gertuko joko motzean artista da Zabaleta eta, saketik hasita, arriskuak hartuz –bitan saiatu zen lehen pilotakada zabalera ateraz– min handia egin zion piloteoan nagusitzen saiatu zen aurkariari.

Hasiera gogor baten ostean (5-4 joan ziren), sakea eta dejadari esker, zulo handia atera zion Goiuri Zabaletak. Azkenerako, zortzi tanto egin zituen dejadaz eta beste zazpi sakez eta hor oinarritu zuen bere garaipena. Egia da, tarteka akatsen bat ere batu zuela, baina errematerako duen gaitasun ikaragarriarekin, 15 urte baino ez dituelarik, txapela janzteko hautagaia dela berretsi zuen leitzarrak.

Amaia Aldai eta Miriam Arrillagaren arteko lehiak klasiko bat bilakatu dira kaiolan eta aurrekoetan bezala, garaipena dimoztarrarentzat izan zen. Hori bai, iazkoarekin alderatuta, partida askoz borrokatuagoa eta estuagoa izan zen. Lehen erdian bederen, lehia ikusgarria eskaini zuten Aldaik eta Arrillagak, tanto luze eta piloteatuak izan zituena eta bi pilotariak kantxan hustera behartu zituenak. 14-12ra arte, garaipena edozein aldetara eror zitekeela zirudien, baina hortik aurrera Amaia Aldai nagusitu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!