Eguzki talde ekologistak gogoratu du, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PP alderdietako aldeko botoekin, joan den ostiralean erabaki zuela Eusko Jaurlaritzari eskatzea «azter ditzala gure mendietako gailurretako gurutzeen osotasun materiala eta esanahia babesteko aukerak». «Gure hasierako harridura berehala amorru bihurtu zen: gurutzeak babestu? Eta mendiak? Izan ere, hamaika dira gure mendietako biodibertsitate, paisaia eta, oro har, ondarea mehatxatzen dituzten proiektu energetikoak, abiadura handikoak eta era guzti-guztietakoak. Gauzak horrela, Batzar Nagusiak zerbait babesteko eskatzen hasiko dira eta… gurutzeak?», galdegin du Eguzkik.
Esan du ez daudela ados Kultura Batzordearen erabakiarekin, nahiz eta badakiten gurutzeen inguruko eztabaidan ingurumena ez dela kontuan hartu beharreko irizpide bakarra, «sinbolo erlijiosoek espazio publikoan jokatu behar duten rola ere ezbaian baitago». Gaineratu du egia dela gurutze horietako batzuk, denboraren poderioz tradizional bihurtu direla, baina hori bezain egia dela gurutze horiek ez direla «herritarren debozio espontaneoaren ondorio huts». «Botere erlijioso eta politikoak espresuki emandako bultzadaren ondorio ere badira. Horregatik diogu kontziente garela gurutzeen inguruko eztabaidan ingurumena ez dela kontuan hartu beharreko irizpide bakarra, baina bada kontuan hartu beharreko irizpideetako bat. Gure ustez, behintzat, garbi dago mendi tontorretan ahal den gehien soildu behar direla naturalak ez diren elementuak».
Eguzkik esan du ez dela mendi tontorretan dauden gurutze guztien eraisketa eskatzen hasiko, baina taldearen iritziz gurutzeak ez dira babestu beharrekoak «euskal kulturaren osagai esanguratsuak diren aitzakian, Kultura Batzordearen ebazpenean irakur daitekeen bezala». Mendietan porlan gehiegi dagoela esan du, «gurutze itxuran bada ere», eta talde ekologistaren iritziz porlan hori kentzeak on egingo lioke tontorrak ingurumen aldetik leheneratzeari, alegia, berriz ere jatorrizko itxura hartzeari. «Gure ustez, hori ere bada babestu beharreko euskal kultura».