Tolosaldea IKTko igerilariak bikain Espainiako Txapelketan

Ataria 2024ko aza. 27a, 07:58

Taldeko bost igerilari izan dira parte hartzen absolutu mailako neguko txapelketan, eta Nahia Garrido eta Mattin Zubeldia A finaletan izan dira.

Maila absolutuko neguko Espainiako Txapelketa izan zen jokoan azaroaren 14tik 17ra Madrilen, 25 metroko igerilekuan, eta bertan izan ziren Tolosaldea IKTko bost igerilari: Igor Arrigain, Unai Zubeldia, Nahia Garrido, Mattin Zubeldia eta Malen Zubeldia. Emaitza bikainak lortu zituzten guztiek; kontuan izanda denboraldi hasiera dela, beraien denborak hobetu edo horietatik gertu ibili dira. Horrela, Tolosaldea IKTko igerilariak inoiz baino final A gehiagotan sailkatu dira Espainiako Txapelketa absolutu batean, horietako batzuk Parisko Olinpiar Jokoetan izan diren igerilariekin oso gertu lehiatzen, Nahia Garrido eta Mattin Zubeldia adibidez.

Garridok 4. postua lortu zuen 200 metro bizkar proban (2.08,37) eta 6. izan zen 50 eta 100 metro bizkar probetan. 100 metro tximeleta proban 27. postua lortu zuen. Mattin Zubeldiak 5. postua lortu zuen 200 metro bizkar proban (1.58,45), proba honetan azken urteetan izan den mailarik handieneko finalean. Horrez gain, 21. postua lortu zuen 100 metro bizkar proban, 27.a 50 metro bizkarrean eta 41.a 100 metro tximeletan. Unai Zubeldiak lau probatan parte hartu zuen: 200 metro libre proban lortu zuen posturik onena, 23. izanik (1.50,96); 25. izan zen 50 metro bizkar proban, 30. 100 metro librean eta 38. postuan 50 metro libre proban. Malen Zubeldia ere bikain aritu zen, 200 estiloetako B finalera sailkatuz eta 16. postua lortuz (2.21,78). Horrez gain, 20. izan zen 400 metro estiloetan, 33. 100 metro tximeletan, 34. 100 metro estiloetan eta 50. 50 metro tximeletan. Igor Arrigain 200 metro bular proban 35. sailkatu zen 2.22,57 denborarekin. Lesio baten ondorioz ez zuen 100 metro estilo proba egin.

ASTEBURUAN, USABALEN

Tolosaldea IKTko igerilariek duten hurrengo helburua Euskal Herriko Kopa da, larunbatean eta igandean Tolosako Usabal igerilekuan jokoan izango dena. Taldeka da txapelketa eta asteburuan Euskal Herriko zortzi talde onenak lehiatuko dira dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!