Eskualdeko bost pilotari binakakoan

Ataria 2024ko azaroaren 26a

2025eko Binakako Pilota Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur. ASPE PELOTA

Lehen mailako Binakako Pilota Txapelketaren aurkezpena egin dute, eta bertan izango dira Aspe enpresako Altuna III.a eta Baiko Pilota enpresako Iztueta, Artola, Jaka eta Peña II.a.

Asteburu honetan emango zaio hasiera 2025eko Binakako Pilota Txapelketari, lehen mailakoa, eta bertan eskualdeko bost pilotari ariko dira lehian. Aspe enpresatik Jokin Altuna amezketarra, eta Baiko Pilota enpresatik Martxel Iztueta eta Jon Ander Peña tolosarrak, Iñaki Artola alegiarra eta Erik Jaka lizartzarra.

Iztuetarentzat lehenengo aldia izango da maila nagusian lehiatuko dena, eta bere aurrelaria Unai Laso izango da, Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi berri duena. Peña II.arentzat Jon Ander Albisu izango da atzelaria, Artolaren bikotekidea Mariezkurrena II.a izango da, eta Jakarekin batera Ander Imaz ariko da. Altuna III.ak, berriz, bere enpresako pilotari batekin aritu beharrean, Baiko Pilotako Aranguren izango du atzelari. Izan ere, Xabier Tolosa anoetarrak ez du jokatuko binakakoa, eskuin eskumuturreko lesioa dela eta. Bere aldetik, Artola ez da lesiotik guztiz osatu, beraz, lehenengo jardunaldian ez du jokatuko eta ikustear dago bigarrengoan jokatzeko egongo den. Txapelketan parte hartuko duten beste hiru bikoteak Ezkurdia-Rezusta, P. Etxeberria-Martija eta Elordi-Zabaleta izango dira.

Tolosako Beotibar pilotalekuan hainbat partida jokatuko dira txapelketan zehar. Lehenengoa bigarren jardunaldian izango da, abenduaren 6an, Artola-Mariezkurrena II eta Peña II-Albisu artekoa. Bi itzuli egingo dira eta, beraz, hamalau jardunaldi izango ditu sailkapen faseak. Lehenengo bi bikoteak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkarako, eta play-offetan, 3. eta 4. postuan geratu direnak partida jokatuko dute, Tolosan, otsailaren 20an, ligaxkako hirugarren plaza erabakitzeko. Laugarrenerako bi partida jokatuko dira. 5. eta 6. postuan geratu direnen arten partida jokatuko dute, eta irabazleak beste partida bat jokatuko du 3. eta 4. sailkatuen arteko partidaren galtzailearekin; irabazlea izango da ligaxkara pasako dena. Finalerdietako ligaxkaren hiru jardunaldiak jokatu ondoren, finala Nafarroa Arenan jokatuko da, martxoaren 30ean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!