Dagoeneko eman daiteke izena Gabonetako XXII. pilota topaketan. Aurten ere Intxurre Pelota eskolak antolatu du, eta izen-ematea Abaltzisketako, Alegiako, Altzoko, Amezketako, Ikaztegietako eskoletan eta Aralar Institutuan banatutako orrien bidez egin behar da. Abenduaren 4a izango da izena emateko azken eguna.
Antolatzaileek hainbat irizpide ere zehaztu dituzte:
- Parte hartzaileek banaka eman beharko dute izena.
- Antolatzaileek egingo dituzte bikoteak eta dagokien adin mailetan banatuko dituzte (sei adin maila egiten dituzte).
- 6 eta 15 urte bitartekoek (2009 eta 2018 urteen artean jaiotakoek), biak barne, eman dezakete izena.
- Nesken izen-ematean, taldea osatzeko adinako kopurua bilduz gero, beraien arteko partidak izango dira (edozein mailatan).
- Eskuz, pilota goxoekin jokatuko dute.
Abenduaren 16an zehaztuko dituzte bikoteak eta egutegia. Sailkapenak, berriz, abenduaren 26an eta 27an jokatuko dituzte (partiden herriak eta orduak izen-emateak jaso ondoren zehaztuko dituzte). Eta, azkenik, finala abenduaren 30ean jokatuko dute, Amezketan, arratsaldean. Partidak amaitutakoan sariak eta merienda ere banatuko dituzte.
Antolatzaileek adierazi dute norbaitek izen-emate orria beharko balu edo zalantzarik izanez gero, udakopelotaeskola2021@gmail.com helbidera idatz dezakeela.