Lehen eta hirugarren postuak judokentzat

Ataria 2024ko azaroaren 26a

Joseba Regillaga, Unai Regillaga, Unai Saralegi eta Joseba Etxarri, sariekin.

Espainiako Kopako proba bat irabazi dute Unai Saralegik eta Unai Regillagak, eta hirugarren izan dira Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri.

Emaitza bikainak lortzen jarraitzen dute Judo Klub Tolosako Nage No Kata modalitateko bi bikoteek. Munduko Txapelketa jokatu ostean, Extremaduran (Espainia) Espainiako Kopako proba bat jokatu zuten Unai Saralegi eta Unai Regillaga bikoteak eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri bikoteak. Senior mailan jokatu zuten biek, Regillaga-Etxarri bikoak 23 urtez azpiko izateari utzi berri baitiote.

Saralegi-Regillaga bikoak lehen postua lortu zuen, Extremadurako bikotearekin berdinduta puntuetara, eta Regillaga-Etxarri hirugarren izan ziren. Saralegi-Regillaga bikoak garaipena lortu zuen, Extremadurako bikoteak akats ertain gehiago egin zituelako.

Garrantzia zuen lehiaketak, 2025eko sailkapenerako puntuagarria zelako. «Nahiz eta atseden gutxirekin joan, garrantzitsua ikusten genuen Espainiako sailkapenerako. Batez ere, Regillaga eta Etxarrirentzat, kategoriaz aldatu ondoren, puntuak galdu dituztelako», esan du Saralegik. «Pasa berri den Munduko Txapelketarako egindako prestaketa baliatu dugu, eta ez dugu asko entrenatu, osatzeko beharra genuelako. Gure aldetik urteko lehiaketa onena egin genuela esan daiteke, eta Regillaga eta Etxarri oso ondo aritu ziren, kontuan izanik kategoria aldaketa, eta beraien aurretik geratu ginenak Munduko Txapelketa bigarren eta laugarren egin genuela». 2025eko denboraldiari begira lehen pausoa ona izan dela gaineratu du Saralegik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!