Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleak hartu ditu gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Eskualdeko talde eta eragile feministek bat egin dute deiarekin, eta ekitaldi eta mobilizazio ugari antolatu dituzte Ez bazara konponbidea, arazoa zara leloaren bueltan. «Herritar guztiek, bereziki gizonek, ardurak hartzeko garaia» dela aldarrikatzeko eguna izan dute gaurkoa.
Tolosan, esaterako, eskualdeko pentsiodunek manifestazioa eta elkarretaratzea egin dute goizean, pentsio duinak aldarrikatuz eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko mezuak zabalduz. Arratsaldean, berriz, manifestazioak egin dituzte, Tolosako Asanblada Feministak eta Itaiak deituta. Orendainen, Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Amezketan, Iruran, Anoetan eta Berastegin ere elkarretaratzeak egin dituzte, eta Ikaztegietan, berriz, emakumeen aurkako indarkeriaz jabetzeko eta salatzeko mural kolektibo bat margotu dute.
Asteburuan, gainera, Tolosako Asanblada Feministak postua jarri zuen San Frantzisko pasealekuan, 2024. urtean Tolosan izan diren indarkeria matxista kasuak salatzeko. Datuei dagokienez, urria bitarte gizarte zerbitzuek 19 eta 54 urte bitarteko 14 emakumeren 9 salaketa jaso dituzte; guztiak, indarkeria matxista kasuak.
Tolosako Asanblada Feministak indarra jarri nahi du datuetan, baina hala ere begirada gehiago zabaldu nahi du. Izan ere, 9 salaketa hauek ezagunak diren kasuak baino ez dira, eta «isilpean edo arrisku egoeran» askoz gehiago ere egongo direla jakitun dira.
Indarkeria matxistari dagokionean, azken hamar hilabeteotako lerroburuak gogora ekarri dituzte: Cote Cabezudoren kasua —biktimen artean tolosarra—, osteopataren kasua, Berazubiko kasua, Usabalgo kasua eta Adunako prostituzio etxeko 18 emakumeen kasua, besteak beste.
UDALBATZEN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Amasa-Villabonako eta Tolosako udaletan ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez onartu dute azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala. Hala, gaitzespen irmoa adierazi dute «indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, baita hauek ukatzen dituzten jarreren aurrean ere» eta arreta jarri nahi dute «emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira».
Gaur egungo joera matxista hazten ari dela diote; «batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan eta eremu digitalean, bereziki. Tamalez, sareetan indarra hartzen ari dira mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezuek. Ondorioz, indarkeriak ez duela generorik, asmakizun ideologikoa dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak».
Diskurtso horien eta indarkeria matxistaren datuen aurrean gizarteak egiturazko arazo bat duela gaineratu dute. «2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 123 emakume eta 12 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Urte gogorra izaten ari da 2024a, 5 emakume erail baititu indarkeria matxistak Euskal Herrian».
Hori dela eta, hilketak indarkeria matxistaren adierazpen gorenak direla adierazi dute, eta era berean, ezin dugula ahaztu matxismoak forma asko hartzen dituela. «Gure herria ere kolpatu dute horrelako erasoek azken urtean, eremu desberdinetan eta adin-tarte desberdinetan. Hainbat emakume ahotsa altxatzera ausartu dira, eta emakume horiei sinesten ditugula adierazi nahi diegu».
Hori guztia kontuan hartuta, udalek emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen direla esan dute, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraituko dutela berretsi dute. Hori dela eta, konpromiso hauek hartu dituzte: Euste-horma kolektiboa aktibatzea; hezkuntza formal eta ez-formalean, hezitzaileei zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean nola jokatu jakiteko; indarkeria matxistaren aurkako erantzun publikorako, arretarako eta koordinaziorako protokoloak eguneratzea; eta Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko, besteak beste.
Era berean, Tolosako Udalak herritarrei dei egin die, bihar, 18:00etan, Andragoran izango den La Ley del Sólo Sí es Sí hitzaldian, eta abenduaren 18an Topic-en izango den Irantzu Varelaren Manólogo bakarrizketan parte hartzera.