Aitortza jaso dute eskualdeko hainbat enpresak

Ataria 2024ko aza. 22a, 11:57

Lehiberri Eguna ospatu dute, eta bertan, Tolosaldeko hainbat enpresak egindako lanagatik aitortza jaso dute; horrekin batera, Gipuzkoako Bazkundeak hurrengo urtera begira enpresek izan ditzaketen aurreikuspenen inguruko azterketa burutu du.

Lehiberri Eguna ospatu zuten atzo Lehiberri zentroan. Bertan, Gipuzkoako Bazkundeak enpresen aurreikuspenen inguruko azterketa burutu zuen, eta horretaz gain, hainbat enpresak aitortza jaso zuten. Gainera, harremanak sendotzeko espazio bat ere sortu zuten.

Ekitaldiaren lehen zatian, Gipuzkoako Bazkundeak Gipuzkoako enpresen egoera eta aurreikuspen ekonomikoen inguruko azterketaren aurkezpena egin zuen. Azterketa hori Bazkundeak enpresa multzo baten artean zabaldutako galdetegi batean jasotako emaitzetan oinarritzen da. Hain justu, 400 enpresa inguruk emandako erantzunen lagina erabili dute.

Azterketaren arabera, 2025 urteari begira enpresek euren salmenta eta fakturazio mailak mantentzeko aurreikuspena egin dute orokorrean. Salbuespenak salbuespen, industria, eraikuntza, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako enpresen aurreikuspenak positiboak dira etorkizunera begira.

Bestalde, ekitaldia eskualdeko hainbat enpresari aitortza emateko baliatu zuten. Aitortzak hainbat arlotan eman ditizte, eta irizpide moduan enpresek Tolosaldea Garatzenekin aurrera eramandako proiektu eta ekimen ezberdinak kontuan hartu dituzte.

Ondorengo aitortzak banatu dituzte:

  • Berrikuntzaren lanketa: Irudek 2000
  • Talentuaren kudeaketa: Lemu Group
  • Ekintzailetza proiektu berritzailea: Skanak
  • Enpresa ibilbidea: Industrial Borobil

Horretaz gain, aurrerantzean Lehiberri Foroan izango diren bi kide berriei  harrera egin zieten. Mecanizados Harri eta Lanval enpresak dira ongietorria jaso zutenak. Azken bi horiekin, 68 enpresa dira jada Lehiberri Foroko kide.

Ekitaldiarekin amaitzeko, bertaratutakoek elkarren arteko harremana indartu eta lankidetza sustatzeko espazioa izan zuten giro informalago batean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!