Euskal eskola publikoa indartzeko plataforma aurkeztu dute

Ataria 2024ko aza. 22a, 11:59

Aurretik Aiztondon egindako bideari jarraituz osatu dute Tolosaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma; iragarri dute eskola publikoa indartzeko eta Hezkuntza Lege berria aldatzeko lan egingo dutela.

Gaur egungo hezkuntza arloko gabeziei aurre egin eta sare publikoa babestu, indartu eta saretzeko Tolosaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforman batu dira eskualdeko hainbat ordezkari. Aurretik Aiztondo bailaran sortutako plataformaren ereduari jarraitu diote eta atxikimendua eskatu diete Tolosaldeko zenbait eskola eta guraso elkarteri. Plataformaren eskaerekin bat egin dute Tolosako, Ibarraldeko eta Alegialdeko eskola publikoek eta hainbat guraso elkartek. Tolosako kultur etxean egindako aurkezpen ekitaldian bultzatzaileek azpimarratu dute ekimenak «oso erantzun positiboa» izan duela.

Plataformako ordezkarien esanetan Tolosaldeko ikastetxe publikoek kalitatezko zerbitzua eskaini eta ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte-kohesioa bermatzen dute: «Herritik eta herriarentzat sortua, denona eta denontzat; euskalduna, kultura desberdinak elkar ulertuz euskara ardatz duena; kolore, genero, sinesmen eta iritzi aniztasuna aintzat hartuz, hezkidetzan konprometitua dena». Etorkizunera begira, errealitateak datu kezkagarriak erakusten dituela aipatu dute ordea: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren jaitsiera; eta bestetik, 2023 bukaeran onartutako Hezkuntza Lege berria.

Tolosaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, gaur egungo gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasun eta beharrei ez die erantzun egokirik ematen lege berriak. Horregatik administrazioari eskatu diote lehenetsi dezala eskola publikoa eta jar dezala erdigunean, eman diezazkiola behar dituen baliabide guztiak. Plataforman bildutakoen iritziz, segregazio eragiten du hezkuntza sistema dualak –eskola publikoek eta itunpeko ikastetxeek osatzen dutenak– eta honenbestez eskatu dute horrekin haustea, eta planifikazio eta matrikulazio prozesu ekitatiboa ziurtatzea.

Aldi berean, sei puntu biltzen dituen manifestuan, plataformak eskatzen du hainbat arlotan eskola publikoek egiten duten lana aitortzeko, besteren artean euskalduntze prozesuan edota 0 eta 2 urte arteko haurren heziketan; Lanbide Heziketako prestakuntza aintzat hartu eta gizartearekin eskola honek duen konpromisoari balioa eman beharko litzaiokeela azpimarratu dute idatzian.

Honenbestez, Tolosaldea Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak aurreratu du Hezkuntza Legearekiko desadostasuna adierazi eta berau aldatzeko lan egingo duela: «Ez gara inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere, horregatik harro azaltzen dugu izena eta izana, gure herriaren geroa baikara».

Eskualdea irudikatuz

Tolosaldeko 28 udalerrietako hamazazpitan sare publikoaren barruko Haur eta Lehen Hezkuntzako herri eskolak daudela azpimarratu dute plataformako kideek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, –Aiztondoko Erniobea BHI ikastetxea alde batera utzita– Tolosako Orixe eta Alegiako Aralar dira aukera publiko bakarrak. Tolosaldea LHIIk, berriz, hemeretzi hezkuntza-ziklo ezberdin eskaintzen ditu.

Eskualdea eta bailararen orografia irudikatu nahi izan dituzte plataformaren logoa sortzeko garaian. «Mendiz inguratutako eskualde aberatsa delako gurea, tontor eguzkitsuez eta haien magalena dauden herriek osatutakoa».

Orixeko ikasleek prestatutako mokadutxoarekin amaitu du plataformak aurkezpen ekitaldia eta, iragarri du ekimen gehiago antolatuko dituela epe motzera. Instagramen –@tolosaldeapublikoazharro– eta X sarean –@publikoazharro– kontuak zabaldu ditu plataformak.

Atxikimenduak

Atxiki diren eskolak

  • Abaltzisketako Txalburu Herri Eskola.

  • Albizturko Herri Eskola.

  • Alegiako San Juan Herri Eskola.

  • Alegiako BHI.

  • Altzoko Imaz Bertsolaria Herri Eskola.

  • Berastegi Muñagorri Herri Eskola.

  • Bidaniko Txinkorta Herri Eskola.

  • Ikaztegietako Herri eskola.

  • Lizartzako Herri Eskola.

  • Tolosako Samaniego Herri eskola.

  • Tolosako Orixe BHI.

  • Tolosaldeako Lanbide Heziketa.

Atxiki diren guraso elkarteak

  • Abaltzisketako Txalburu Herri Eskolako Guraso Elkartea.

  • Albizturko Herri Eskolako Bizkor Guraso Elkartea.

  • Alegiako San Juan Herri Eskolako Iturri Zahar Guraso Elkartea.

  • Alegiako BHIko Aralarpean Guraso Elkartea

  • Altzoko Herri Eskolako Guraso Elkartea.

  • Berastegiko Herri Eskolako Beasti Guraso Elkartea.

  • Berrobiko Herri Eskolako Ekintza Guraso Elkartea.

  • Bidaniko Txinkorta Herri Eskolako Guraso Elkartea.

  • Ikaztegietako Herri Eskolako Lagunak Guraso Elkartea.

  • Lizartzako Herri Eskolako Goltzurko zelai Guraso Elkartea.

  • Tolosako Samaniego Herri Eskolako Gorosti Guraso Elkartea.

  • Tolosako Orixe BHIko “Asmo Berri” Guraso Elkartea.

Atxiki diren pertsona esanguratsuak

  • Garbiñe Biurrun

  • Juantxo Arakama

  • Martxelo Otamendi

  • Jokin Altuna

  • Jon Tolosa

  • Iñaki Olano

  • May

  • Pituxa

  • Lander Zalakain

  • Ane Fadrique

  • Josune Gorostidi

  • Tarana Karim

  • Carmen Ferro

  • Marina Izagirre

  • Erik Jaka

  • Garazi Esnaola

  • Verde Prato (Ana Arsuaga)

  • Rafa Gorrotxategi

  • Dina Mendikute

  • Ibai Madina

  • Ibai Palos

  • Ander Malbadi/ Xabi

  • Maialen Dorronsoro

  • Mentxu (HiddenGarden)

  • Aitor Aldalur

  • Nerea Perez

  • Aintzane Artola

  • Andrea Vitoria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!