Munduan zehar izena zabaltzen

Imanol Garcia Landa 2024ko aza. 20a, 19:59

Judo Klub Tolosako Unai Saralegik eta Unai Regillagak, eta Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik dominak lortu dituzte Munduko Txapelketan.

Judo Klub Tolosaren izena munduan zehar indar gehiagorekin zabaldu da Nage No Kata modalitatean. Las Vegasen jokatutako Munduko Txapelketan, 23 urtez azpiko kategorian urrezko domina lortu berri dute Joseba Regillaga amezketarrak eta Joseba Etxarri tolosarrak. Senior mailan zilarrezko domina lortu dute Unai Saralegi tolosarrak eta Unai Regillaga amezketarrak. Saralegik lortutakoaren garrantzia nabarmendu du: «Bi bikote Munduko Txapelketako podiumean izateak bi kategoriatan, azkenean esan nahi du aurretik bide bat egin dela, datozenak ere bidea jarraitzen ari direla, eta gure esperantza da atzetik ere jendea animatzea, eta gu lauok lantzen ari garen bidea ez galtzea». 
Saralegik espero zuen 23 urtez azpiko mailakoek urrezko domina lortzea: «Beraiek ziren beraien etsai nagusienak. Etxarri lesio batekin egon zen, eta horrek buruan eragiten du, baina nik argi nuen beraien lana ondo egiten bazuten domina ziur ekarriko zutela».

Etxarrik senior mailakoengan konfiantza zutela dio: «Oso indartsu zetozen aurten. Lehiaketa guztietan maila handia erakusten, exijentzia maila ere nabaritzen zen entrenatzeko orduan. Beraz, txapa-ren bat ekarriko zutela ziur geunden». Joseba Regillagak gogora ekarri du Oskar Gibelalde entrenatzailearekin aritu zirela hitz egiten Las Vegasera joan aurretik: «Esan genion aurten zerbait berezia nabaritzen genuela eta Unaiek dominen bat lortuko zutela».

Bidaia gogorra izan zela dio Unai Regillagak, jet lag-a ez zuelako ondo igaro, eta txapelketaren bezperako arratsaldera arte ez zen guztiz osorik egon. Seniorrek lehenengo igarotzea lortu zuten sailkapeneko fasean: «Goiza oso ondo joan zen, eta arratsalderako ere ikuspegi horrekin geunden, dominarekin bueltatzekoa, eta azkenean bigarrengo postuan geratu ginen». Saralegik gaineratu du bere bikotekideari «dominarekin amets egiten» ari zela esaten ziola: «Finalera pasatzen baginen, ziur nengoen domina lortuko genuela». Hirugarren urtea zuten Munduko Txapelketan, eta batez ere aurreko urtetik arantza bat zuten. «Aurreko urtean prestaketa oso ona egin genuen, eta nahiko desilusionatuta bukatu genuen. Aurten bai edo bai izan behar zuen».

23 urtez azpiko bikoteak aurreko urteko Munduko Txapelketa zuten buruan. «Guk ere arantza hori bagenuen. Finalera pasa ginen orduan, eta gero ezin izan genuen erakutsi benetan genuen maila», esan du Joseba Regillagak. «Aurtengoan oso ondo pasa ginen finalera, lehenengo izanik, eta gero finalean kata ideala atera zen». Urrezko domina lortzea «egundokoa» izan zela dio Etxarrik, eta Joseba Regillagak gaineratu du «oraindik barneratzen» ari direla: «Ikusten dugu egindako lan guztia bere fruitua ematen ari dela». 

Orain hemezortzi urte hasi zen bidea Judo Klub Tolosan Nage No Kata modalitatearekin, eta jarraipen hori eman nahi diote. Klub moduan oso harro daude lortutako fruitu horiek mundu guztiari erakusten ari direlako. Unai Regillagak azaldu duenez, «dagoeneko izen bat bagenuen Europa mailan, dominak lortu ditugulako azken lau Europako Txapelketetan, eta orain Munduko Txapelketan ere lortu dugu. Eta bi Josebak ere zer esanik ez, beraiek ere izena egiten ari dira gurekin batera. Eta klub berekoa garela jakinik, ikusten dute potentzial handia dugula». 
Datorren urtera begira 23 urtez azpiko kategoria utzi eta senior mailan lehiatu beharko dira Joseba Regillaga eta Etxarri. Hemendik aurrera, beraz, aurkari izango dira txapelketan, baina batera entrenatzen ariko dira. «Oso harreman ona daukagu denon artean», esan du Saralegik. «Unai eta biok izan gara beraien hasieretan laguntzen aritu garenak, baina orain beraiek duten mailarekin, denon artean laguntzen ariko gara, eta hori oso ona da, denon maila gehiago igoko delako». 

Atseden luzeago bat hartu aurretik, larunbatean Caceresera (Espainia) doaz, Espainiako Kopako proba batera. 2025eko denboraldirako lehen txapelketa da. Gero otsaila arte ez dute beste lehiaketarik izango. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!