Erreportajea

Zurezko oholen erritmora

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 21a, 07:58

Kukai Dantza konpainiako interpreteak ‘Txalaparta’ ikuskizuneko momentu batean. MENDI URRUZUNO

Kukai Dantza konpainiak ‘Txalaparta’ ikuskizuna egingo du bihar, 20:00etan, Leidorren; Izaro Urrestarazu interprete ibartarrak esan du dantza tradizionala eta garaikidea elkar elikatzen dituen emanaldia dela.

Kukai Dantza konpainiak Txalaparta emanaldia egingo du bihar, ostirala. Tolosako Leidor aretoan izango da, 20:00etan hasita. Jesus Rubio Gamo dantzari eta koreografo madrildarrarekin lankidetzan sortutako ikuskizuna da.

Izaro Urrestarazu ibartarra da Kukai Dantza konpainian dabilen eskualdeko dantzari bakarra, eta bihar Leidorren ariko da interprete. Aurreratu du, izenak dioen bezala, txalaparta izango dela ikuskizunezko protagonista nagusia. «Instrumentua bera eta erritmo ezberdinak lantzeaz gain, garrantzia emango diogu txalaparta kontzeptuari, hau da, alternantziari, kolektibitateari, elkar zaintzari eta elkar entzuteari. Txalapartaren doinuek tradiziora eta identitatera eramango gaituzte».

Urrestarazuk azaldu duenez «dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko elkarrizketa bat» da Txalaparta, «bi munduak elkar elikatzen dituena». Ibartarrak gaineratu du interpreteak ez direla dantzari soilak: «txalapartariak ere bagara, eta momentu batzuetan abestu ere egiten dugu. Beraz, diziplina desberdinak uztartzen dituen ikuskizun bat da eta hori erronka handia izan da guretzat».

Txalapartari aritzeko «geroz eta konfiantza handiagoa lortzen» ari direla nabarmendu du Urrestarazuk. «Horrek, hobekuntzara garamatza», gaineratu du. Hala ere, dantzatzen txalaparta jotzen baino «seguruago» sentitzen dela aitortu du. «Txalaparta jotzen denbora gutxi daramat eta oraindik asko dut ikasteko».

Ikuskizunaren xede-taldeari buruz galdetuta, «arteak ez du adinik» iritzi du ibartarrak. «Askotariko publikoa izatea aberasgarria da. Belaunaldi desberdinen arteko zubia eraikitzen laguntzeaz gain, ikuspegi, sentimendu eta gogoeta ezberdinak espazio berean elkarbanatzeko aukera ematen du». Biharko saiorako sarrerak Tickets.kutxabank.es webgunean edo Leidorreko leihatilan erosi daitezke –Eszena Bonua dutenek 5 euroko deskontua izango dute–.

Txikitako ametsa betetzen

Dantzertin goi mailako dantza ikasketak egiten ari zela, Kukai Dantza konpainiarekin praktikak egitea erabaki zuen Urrestarazuk. Une horretan, Eta Orain Zer? ikuskizunaren sortze-prozesuarekin ari zen taldea, eta ordezkapen batzuk egiteko aukera eman zioten ibartarrari. «Iaz, Txalaparta ikuskizunaren sortze-prozesuko azken txanpan zeudela, interprete bat lesionatu egin zen eta hura ordezkatzeko aukera eman zidaten. Hilabete izan nuen egin beharreko lanak ikasteko eta txalaparta instrumentuarekin harremana izateko. Esperientzia horri esker, gaur egun, konpainiako dantzari berria izatera heldu naiz».

Urrestarazu ezkerrean, bi taldekiderekin txalaparta jotzen. MENDI URRUZUNO

Dantzari ibartarrak aitortu duenez, bere ametsetako bat betetzen ari da. «Txikitatik erreferente izan dudan konpainia izan da Kukai Dantza, eta bertako dantzaria izatea zen nire ametsa. Talde maitagarria da eta oso erraza da bertan lan egitea. Sekulako giroa dugu eta horrek lasaitasun handia ematen dit. Etxean sentitzen naiz».

Asteburu oparoa

Kukairen agenda errepasatuz gero, ikusi daiteke asteburuan ez dutela atseden hartzeko tarterik izango. Bihar Tolosan ariko dira, eta igandean Hondarribiko Itsas Etxean egingo dute Txalaparta. Aurrez, larunbatean, Iruñeko Condestable Jauregian ariko dira dantzan; Gelajauziak ikuskizuna egingo dute Nafarroako hiriburuan. Azaroaren 29an Sopelan eta abenduaren 14an Altsasun egingo dituzte Txalaparta ikuskizunaren hurrengo saioak.

Egun batetik bestera ikuskizun desberdinak egitearen konplexutasunaz eta gainkargaz galdetuta, ibartarrak esan du «gure gorputza uste baino azkarragoa» dela. «Memoria lanketa bati esker, mugimenduak azkar identifikatzen eta gogoratzen ditut». Hala ere, saio batetik bestera etenak egitea «eskertzekoa» izaten dela nabarmendu du, «ideiak ordenatu egiten baitzaizkit».

Azken asteetan lan handia izaten ari dira konpainiako kideak. Izan ere, Zetak musika taldeak Iruñeko Nafarroa Arenan egingo duen Mitoaroa ikuskizunean kolaboratuko dute dantzariek, eta horren prestaketa lanetan murgilduta daude. Urtarrilaren 3an eta 4an izango dira emanaldiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!