'Bota erantzuna!' lehiaketak gazteen jakintza eta bizkortasuna sarituko du

Ataria 2024ko aza. 19a, 12:01

Galtzaundi Euskara Taldeak 14 eta 15 urte arteko gazteei zuzendutako lehiaketa antolatu du. Ibarran eta Alegian egingo dituzte kanporaketak eta finala Villabonan izango da.

Bota erantzuna! Tolosaldeko gazteei zuzendutako lehiaketa da. Telebista programetan ohikoak diren probekin osatu dute eta kanporaketak jokatu ostean, azaroaren 30ean, Euskararen Egunaren bezperetan, izango da finala, Villabonako Gurea antzokian.

14 eta 15 urteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta sei kideko bederatzi taldek eman dute izena: hiru talde tolosarrek osatu dituzte, Alegian bi talde osatu dituzte, Berastegin, Amezketan eta Ibarran bana, eta beste talde bat hainbat herritako kideek osatu dute. Hiru kanporaketa antolatu dituzte eta kanporaketa bakoitzean hiru talde izango dira lehian. Lehen kanporaketa azaroaren 22an izango da, 18:00etan, Ibarrako kultur etxean; eta hurrengo biak Alegiako Elizpe zinean izango dira, azaroaren 27an, 19:00etan, eta 28an, 17:00etan.

Zortzi ariketa egin beharko dituzte kanporaketetan, eta puntuak banatuko dituzte ariketa bakoitzaren amaieran. Halere, kanporaketak ez dira guztiz kanporaketa izango, ez baita inor kaleratua izango finaleko egunera arte. Azaroaren 30ean izango da finala, 17:00etan, eta aurretik kalean egingo duten azken probaren ostean erabakiko da zein sei talde sailkatuko diren finalerako. Sariak lehen bi sailkatuentzako izango dira. Irabazleak Igantziko Irrisarriland abentura parkera joango dira, eta, bigarren sailkatuek, berriz, Urumea ibaian kanoa zeharkaldia egiteko aukera izango dute Arrauningekin.

Galtzaundik esan du eskualdeko antzokiek telebistako platoen antza hartuko dutela. Nagore Arin billabonatarra eta Berria egunkariko kazetaria izango da aurkezlea; eta Mihiluze, Zurekin bat, Pasapalabra, Burubero eta antzeko programetan ohikoak diren probak egin beharko dituzte eskualdeko gazteek. Eskualdeaz, euskal kulturaz eta Euskal Herriaz, eta beste hainbat arlori buruz duten jakintza erakutsi beharko dute lehiakideek. Ez dute soilik jakintza erakutsi beharko, bizkortasuna erakutsi beharko dute, elkarrekin lan egiten asmatu beharko dute zenbait probetan, eta urduritasuna kontrolatzea ere garrantzitsua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!