Hainbat ekintza antolatu dituzte Tolosan, Hondakinen Prebentziorako Astearen testuinguruan

Ataria 2024ko aza. 18a, 17:47

Martxoan Oria ibaian egindako garbiketako une bat.

Zortzi egunez Oria ibaian garbiketa lanak egingo ditu Zehar Errefuxiatuak Elkarteak; igandean, bisita antolatu dute hondakin urak tratatzeko Adunako zentrora.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela eta, zenbait jarduera antolatu ditu Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, hondakinen prebentzioan sentsibilizatzeko, berrerabilpena sustatzeko eta ingurumenarekiko kontzientzia kolektiboa indartzeko helburuarekin.

Zehar Errefuxiatuak Elkarteak Oria ibaian garbiketa lanak egingo ditu zortzi egunez, bihar hasita. Kiroldegiaren ingurutik hasi eta Donostia Hiribiderainoko tartean egingo dituzte garbiketa lanak. Martxoan ia 300 ikasle aritu ziren garbiketa lanetan, eta 11 metro kubiko hondakin inguru jaso zituzten, iaz baino 5 metro kubiko gehiago. Oraingoan, ikasleek iritsi ezin izan zuten eremu zail eta sakonagoetara iristea da helburua. 

Hilaren 22an eta 23an bigarren eskuko produktuen postuak jarriko dituzte Trianguloa plazan, goizez eta arratsaldez. Jarduera honen helburua hondakinak murriztea eta produktuen berrerabilpena sustatzea da, herritarren artean kontsumo arduratsuagoa bultzatzeko. 23an bertan, larunbata, LabPaper Tolosa Elkarteak artisau papera eskuz egiteko tailerra eskainiko du Trianguloa plazan, 11:30etik 13:30era. Papera, kartoia eta oihalak berrerabiliz egingo dute papera. Tailerra herritar guztientzat irekia izango da eta ez da izen ematerik beharko, hau da, edozein unetan sartzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Datozen egunotan ere DBHko ikasleei zuzendutako saio bereziak egingo dituzte Paper Eskolan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuarekin elkarlanean.

Uralde HUAra bisita

Igandean, hilak 24, Adunako Uralde Hondakin Uren Araztegira bisita gidatua antolatu dute, hondakin urak tratatzeko prozesuak ezagutzeko. Bisitan parte hartzen dutenek Tolosaldeko saneamendu-sistemaren azken urratsak ezagutzeko aukera izango da. Santa Klaratik irtengo dira 10:00etan, eta itzulera 12:30ean izango da. Bisita doakoa da, baina aurrez izena ematea beharrezkoa da, tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera mezua bidalita edo 687 702 049 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!