Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

Beñat Gaztelumendik irabazi du lehen finalaurrekoa

Ataria 2024ko azaroaren 18a

Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea

Zarautzen eta Arrasaten izango dira datozen bi finalerdiak eta bertan ariko dira Unai Mendizabal Jauregi eta Oihana Iguaran Barandiaran; zizurkildarrak igandean kantatuko du, Zarautzen, eta amasarra abenduaren 1ean ariko da Arrasaten.

Finalera begira jarri da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Azken aurreko fasea atzo hasi zen, Oiartzunen, eta finaleko txartelak banatzen hasi dira. Oiartzungo Elorsoro Udal Kiroldegian Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Nerea Elustondo Plazaola eta Oier Etxeberria Zubimendi aritu ziren eta lan puntuagarriak bukatuta, Beñat Gaztelumendi Arandiak bildu zituen puntu gehien: 560,5. Honenbestez, zuzenean sailkatu zen finalera, abenduaren 14an Donostia Arenan. Gainontzekoek puntuazioaren arabera izango dute finalean kantatzeko aukera. Hauexek atzo lortutako puntuazioak: Beñat Gaztelumendi Arandiak 560,5, Ane Labaka Mayozek 552, Nerea Elustondo Plazaolak 522,5, Asier Azpiroz Iztuetak 475,5, Oier Etxeberria Zubimendik 468,5 eta Eli Pagola Apezetxeak 449. Oiartzungo saioa zuzenean ikusi ahal izan zen ETB4n eta horrela izango da gainontzeko finalaurrekoetan ere: Ilaski Serrano aurkezle eta Jon Martin aditu direla.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!