Jarraian bi partidetako datuak eta kronika:
Itziar 2, Bidania-Goiatz 3
- Itziar: Bikandi, Uranga, Aizpuru, Arratibel eta Alberdi-hasierako bostekoa-, Salegi eta Arakistain.
- Bidania-Goiatz: Azkarai, J. Agirretxe, Dorronsoro, Egiguren, eta Iraeta –hasierako bostekoa–, A. Agirretxe, Zinkunegi eta I. Agirretxe.
- Epailea: Jexux Gurrutxaga. Ez zuen txartelik atera.
- Golak: Itziar: Alberdi eta Aizpuru. Bidania-Goiatz: I. Agirretxe, Iraeta eta Dorronsoro.
- Gorabeherak: Itziarko pilotalekuko hiru laurdenak beteta.
Bidania-Goiatz sailkapeneko lehen postuan bakar-bakarrik geratu da Itziarren irabazita. Kanpotarrak lehen zatian bi goleko errenta lortu eta joan ziren atseden hartzera.
Itziar presio altua egin eta gauzak estutzen saiatu zen, baina kanpotarrak izan ziren bi gol egin zituztenak. Hirugarrena ere bigarrenaren aurreneko minutuetan lortu zuten, eta 0-3koarekin bazirudien partida erabakita geratu zela.
Haritz Alberdiren golak markagailua murriztu egin zuen, eta Aizpuruarenak berriro ere etxeko taldea neurketan sartu zuen, kanpotarrak estutuz. Hala ere, markagailua ez zen gehiago mugitu eta Bidania-Goiatzek bigarren garaipena lortu zuen.
Leaburu-Txarama 5, Kutturru 3
- Leaburu-Txarama: Egues, A. Arrospide, Izagirre, Jauregi eta Manterola –hasierako bostekoa–, O. Arrospide, Susin, Sanchez, Zubia, Rubiños, Zapirain eta Lizarribar.
- Kutturru: Sagastibeltza, Leunda. Murua, Yacob eta Moha –hasierako bostekoa–, Ali, Ahmed, eta Wilmer.
- Epailea: Jexux Gurrutxaga. Ez zuen txartelik atera.
- Gorabeherak: Jende multzo polita batu zen Leaburuko pilotalekuan partida ikusteko.
Neurketa oso ona ikusi izan zen, eta bietako edonork irabazteko modukoa izan zen. Berdinketa izango zen agian justuena, baina puntuak etxean geratu ziren.
Bi taldeek hasieratik jarri zuten intentsitate handia eta lehen zatian kanpotarrak izan ziren nagusi. Hamedek lortu zuen Ikaztegietako taldea aurretik jartzea eta jokalari berak bigarrena ere egin zuen, baina epaileak ez zuen eman balekotzat eta emaitza horrekin amaitu zen norgehiagoka. Bigarrenaren hasieran berehala lortu zuen etxeko taldeak neurketa iraultzea, baina berriro ere Hamedek berdindu egin zuen.
Atzean egindako bi huts nabarmenek etxeko taldea 4-2 jarri zuen aurretik, baina berriro ere Hamedek, partidako protagonista nagusiak, aurkarien hirugarren gola egin zuen. Hortik aurrera hiru baloi zutoinera eta penalti bikoitz bat ere huts egin zuen Kutturruk, Mikel Egues atezainaren lana nabarmenduz. Kanpotarren beste huts batek eragin zuen Leaburukoen bosgarrena, neurketa ikusgarri bati amaiera emanez.