Musika Astea antolatu du Loatzo Musika Eskolak

Ataria 2024ko azaroaren 14a

Loatzo Musika Eskolakoen emanaldia Ibarran.

Azaroaren 18tik 22ra izango da, eta Zizurkilen, Ibarran, Anoetan eta Alegian izango diren lau emanaldik osatuko dute egitaraua.

Loatzo Musika Eskolak II. Musika Astea antolatu du azaroaren 18tik 22ra. Zizurkilen, Ibarran, Anoetan eta Alegian izango dira emanaldiak, 18:30ean.

Zizurkilgo Atxulondo aretoan hasiko da Musika Astea astelehenean. Loatzo Musika Eskolako gitarra eta eskusoinu taldeak eskainiko du emanaldia.

Hurrengo egunean, hilaren 19an, Ganbara emanaldia izango da Ibarrako kultur etxean. Pianoa, eskusoinua, klarinetea, biolina, txirula edota zeharkako flauta entzuteko parada izango da.

Hilaren 21ean, Anoetako plazan izango da emanaldia. Hain justu, Loatzo Musika Eskolako Bandak eskainiko du kontzertua, dultzaineroekin eta Anoetako kukuak kantuz abesbatzarekin batera.

Azken emanaldia ostiralean, hilaren 22an izango da, Alegiako kultur etxean. Musika tradizionala lantzen duen Emari taldearen emanaldia izango da. Loatzoko musikariekin batera abesti batzuk jotzeaz gain, Alegiako dantza taldekoen parte hartzea ere izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!