ELKARRIZKETA

«Gure asmoa denbora luzean mantenduko den proiektu bat egitea da»

Leyre Carrasco 2024ko aza. 13a, 07:59

Tolosaldeko Landa Komunitateen Garapen Programa osatzeko prozesu parte hartzailea abiatuko du Tolomendik; azaroaren 18an aurkeztuko dute Tolosan, prozesu osoan parte hartuko duten kideekin batera.

Tolosaldeko Landa Komunitateen Garapen Programa 2025-2030 eperako osatzeko lanketan ari da Tolomendi. Hala, urtea amaitu aurretik, datozen urteetako helburuak, estrategiak eta ekintza nagusiak identifikatu nahi ditu Tolosaldeko Landa Garapen elkarteak. Horretarako, udara aurretik, girotze saioak antolatu zituzten eta, orain, parte hartze prozesuari ekingo diote, eragile, erakunde, elkarte eta sektore desberdinetako kideekin batera. Eneko Maioz (Donostia, 1984) Tolomendiko lehendakariaren hitzetan, «ez du lehia bat izan behar, elkarlaneko proiektu bat baizik».

Udara aurretik girotze saioak egin zenituzten. Zer moduz joan ziren?

Saio horien balantze oso positiboa egin dugu. Parte hartze handia izan zuten, eta gaiak oso ardaztuta zeudenez, horren inguruko interesa zegoela ikusi genuen. Nik uste dut gaien aukeraketarekin asmatu egin genuela eta balio izan zutela nolabait ikuspuntua zabaltzeko. Saioak udara aurretik egin genituen eta denbora asko igaro dela ematen du, baina sentsazio oso positiboak utzi dizkigute eta prozesu parte hartzailearekin hasteko indarra eman digute. Hala ere, prozesua ez dugu zerotik hasiko eta girotze saioak hori bideratzen hasteko lagungarri egin zaizkigu.

Zein funtzio du programa honek?

Eusko Jaurlaritzatik eta Hazitik, landa garapen elkarte bakoitzak programa hau osatzeko eskatu zaigu, baina ez dugu landa garapen elkartearen programa soil bat izaterik nahi, eskualde guztikoa baizik. Gure kasuan, landa komunitatearen kontzeptua sartu nahi izan dugu, izan ere, azken urteetan programa ugari egin dira eta askotan huts egin dutela ikusi dugu; ez soilik finantziazioagatik, zailtasunak egonda ere, atzean komunitate bat ez badago horrek ez duelako denboran iraungo.

Horregatik, plangintza berri hau egiteko garaian, komunitatean zentratu nahi genuen; gure lehentasunak komunitatean aktibo dauden gai horiek izan beharko lirateke. Azkenean, horiek dira gure proiektua epe ertain-luzean mantentzeko garantia. Izan ere, gure asmoa ez da segituan hilko den proiektu bat egitea, denbora luzean mantenduko den proiektu bat egitea baizik. Horregatik, landa komunitatearen kontzeptua zehaztu nahi izan dugu eta girotze saioek ere horretarako balio izan dute. Esperientzia desberdinak bildu genituen denak interes baten pean, eta horrek nolabait gaur egun daukagun proiektura eraman gaituzte. Ez dugu Tolomendiren plangintza huts bat izatea nahi, eskualdeko ikuspegia edukitzea nahi dugu.

Girotze saioak amaituta, zertan ari zarete orain?

Azaroaren 18an egingo dugu lehenengo saioa. Tolomendiko kideen artean lehentasun batzuk markatu dira eta lehen saio horretan partekatuko ditugu ea denek egoki ikusten dituzten. Izan ere, ariketa bat da lehentasun kopurua jaistea, esaterako, 24 lehentasun markatzen dira eta zifra hori hiru lehentasunetara jaitsi behar dugu. Hori urtero beharren arabera aldatu egiten da, horregatik, guk egingo dugun planteamenduan hiru ildo nagusi ateratzen dira. Orain denak orokorrak dira, baina gero zehaztu egin beharko dira. Hori da prozesuaren asmoa.

Zeintzuk dira hiru ildo horiek?

Batetik, zaintzaren gaia dugu, eskualdean puri-purian dagoen gaia delako. 28 herriekin batera zaintza eredua nola eraiki genezakeen erabaki behar dugu, eta hor iruditzen zaigu Tolomendi bezalako landa elkarte batek baduela zerbait eskaintzeko. Girotze saioetan esperientziak daudela ikusi genuen eta horren inguruko lanketa bat egin daitekeela uste dugu, agian epe ertain batera.

Bestetik, jarduera ekonomikoa edo energiaren gaia dugu. Honen bueltan, eskualdean komunitate, elkarte eta kooperatiba pila bat sortzen ari dira eta horiek guztiak batzeko beharra dagoela ikusi dugu, bakoitzak bere herrian egiten duenaz harago, badaudelako lehen sektoreari lotutakoak, industriari lotutakoak edota aktibitate batzuk herri mailan oraindik ez direnak garatu. Beraz, diagnostikoa egiteko horiek guztiak batzea da asmoa.

Hirugarren eta azken lehentasuna, tokiko elikadura sistema da. Eskualdeko udal asko lanketa indartsuak egiten ari direla ikusi genuen, adibidez, Amezketa odolkiekin eta Berastegi arkumearekin. Horrez gain, Lurtaro mugimendua ere badago, arlo horretan mugitzen dena, eta tartean hiltegia ere badaukagu eskualdean. Nik uste dut, aipatzen genuen komunitate kontzeptu hori ordenatzea garrantzitsua dela, baita denen parte hartzea ere horrelako hausnarketa batean.

Parte hartze prozesu honetan zein eragile izango dituzue bidelagun?

Identifikazio hori egiten gabiltza, baina batetik, aurreko saioetan parte hartu zutenak eta beste ekimen batzuetan parte hartu dutenak daude, eta baita udalak ere. Azkenean lehen saioa hori izango litzateke, pertsona horiek bildu, gure asmoa zein den azaldu eta taldea sortzea. Taldea handiegia bada agian talde txikiago bat egin behar dugu. Funtzionamendu hori denen artean adostuko dugu eta denen artean ekarpenak egiteko leku bat izatea nahi dugu, baina aldi berean, leku eroso bat izango da. Aurrez aurreko saioez gain, web orrian prozesu guztia jarriko dugu eta web orritik ekarpenak egiteko aukera ere egongo da. Beraz, hori ere bultzatu nahi dugu. Orain ez daukagu martxan baina azaroaren 18tik aurrera martxan egongo da.

Lehentasun horiek betetzeko konpromisorik zehaztu duzue?

Bai, lehentasun horiek egikaritzeko Tolomendiko kide diren udalek diru partida bat sortu dute. Hori aurreko plangintzetatik ekarri dugun irakaspen bat izan da, izan ere, plangintzen lehentasuna diru laguntzek erabakitzen dute. Beraz, diru laguntza horiek erritmoa markatuko dute, baina horrek ez du ildoa aurrera eramateko baldintza bat izan behar. Konpromiso hori udalek ere hartu dute eta nik uste hori aurrerapen handia izan dela prozesuari beste forma bat emateko. Beraz, orain nola funtzionatuko dugun ikusiko dugu, baina udalen aldetik badago konpromiso bat, lehentasun horiek egikaritzeko diru poltsa bat.

Prozesua horrela bideratuta garapena izango duela uste duzu?

Askotan beldurra izaten da horrelako prozesu bat egin eta gero dokumentu oso ponpoxo batean geratzeko. Horrek ez du ezertarako balio eta horrekin puskatu egin nahi dugu sarrera indartsua dela iruditzen zaigulako. Horregatik, ziur gaude prozesu honek garapen bat edukiko duela. Prozesu honetan ahalik eta jende gehien parte hartu dezan nahi dugu, eta ez kuantitatiboki, baizik eta kualitatiboki. Alegia, nahi duguna da ekarpena egin dezakeen orok ekarpen hori egitea eta iruditzen zaigu gure herrietan badagoela ekarpena egiteko jende oso interesgarria, zoritxarrez, ez dagoena beti oso saretuta, eta hori aprobetxatu nahiko genuke behintzat plangintza partekatu horiek benetan errealak izateko eta benetan ez izateko eskualde mailatik egiten den planteamendu orokor bat, bakoitzaren errealitatera egokitutako planteamendu bat baizik.

Diagnostikoa osatzeko eragile ezberdinekin banakako elkarrizketak ere egingo ditugu, eta neguaren ostean aipatu ditugun hiru saio monografiko horiek egingo ditugu, datorren urtean ildo bakoitzaren plangintzak zer eramango duen ikusteko. Inauterien ostean azken saioa egiteko asmoa dugu, plangintza bera aurkezteko, itxiera emateko, lantalde eta dinamika ofizializatzeko eta horren ondorioak gizarteratzeko.

Beraz, elkarlana beharrezkoa izango duzue.

Ofizialki eskualdeko programa bat izan behar du eta, horretarako, elkarlana garrantzitsua da. Energia alorrean, adibidez, Tolosaldea Garatzenek badu bere energia maila, beraz, hori elkarlanean egiten ari gara prozesu honetan egindako guztia gehigarria dela iruditzen zaigulako. Ez du lehia bat izan behar, elkarlaneko proiektu bat baizik. Eragile bakoitzak ditugun baliabideak aprobetxatu behar ditugu bide komun bat irekitzeko, eta nik uste hori irakaspen bat dela edo lan egiteko modu bat. 28 herriko eskualde batean horrelako dinamikak normalak direla uste dut eta nik uste horrek ere baduela bere garrantzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!