Osasun Itunaren diagnostikoaren aurka agertu da OPA

Ataria 2024ko azaroaren 13a

OPAk esan du dokumentuak ez diola osasunari bere osotasunean heltzen eta «ezinezkoa» dela osasun sistema publikoaren «noraeza» zuzentzea, «diagnostiko on batetik abiatzen ez bada».

Osasunaren Euskal Ituna lantzeko Diagnostikoa dokumentua onartzearekin batera, prozesua osatzen duten lau faseetatik lehena itxitzat eman dute. Bada, prozesu horretatik kanpo utzi dituztela OPA Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma barruan dago) salatu dute, eta aldiz, osasun pribatuaren defendatzaileak deituak izan direla.

Osasuna hitza erabili arren, OPA plataformak dio dokumentuak ez diola osasunari «bere osotasunean» heltzen, hura osatzen duten determinatzaile nagusiak alde batera utzita: ekonomikoak, sozialak, ingurumenekoak edota osasun-sistema. «Horri dagokionez, osasun-determinatzaile horietako batzuk aipatzen ditu, baina ez ditu aztertzen. Ez dago horien diagnostikorik».

Era berean, plataformaren arabera, dokumentuak ez ditu aipatzen egungo sistema publikoaren «egoera larria eragin duten arrazoiak ezta horren ondorioak ere». «Era esanguratsuan, ez ditu tratatzen pribatizazio-prozesua, osasun-zentroetako eta EAGetako itxieren eta ordutegi-murrizketen ondorioak, ez eta ESI ereduak Lehen Mailako Arretan dituen ordutegi ondorio negatiboak ere; ez du ematen haren finantzaketari eta plantillari buruzko daturik ere».

Dokumentuan Osakidetzako plantilla ez dela guztiz zehazten ere nabarmendu dute; «eta ez da ezer esaten azpikontratatutako enpresen plantillari buruz —garbiketa, osasun garraioa edota proba diagnostikoak—, ez eta itundutako klinika pribatuek erabiliko luketenari buruz ere. Era berean, ez da ezer argitzen osasun sistema publikoan lan egiten duten langile guztiei buruz —Aldundiak, udalak edota egoitzak—». Plataformaren ustez, hori gabe, «ezinezkoa» da ratio ekonomikoak eta giza baliabideen ratioak ezartzea, BPGren gaineko eragina edota biztanleko profesionalak, kasu. «Halaber, ez da diagnostikorik egiten Osasun Sailak edo Osakidetzak onartutako plan, estrategia eta abarren betetze-mailari buruz».

Gauzak honela, OPA plataformak adierazi du «ezinezkoa» dela osasun sistema publikoaren «noraeza» zuzentzea, diagnostiko on batetik abiatzen ez bada, eta adierazi duen bezala, «onartutako dokumentua ezin da halakotzat hartu».

Zorroztasun falta horrez gain, erabilitako metodologia «opakua» dela dio, «parte-hartzaileek ezin izan baitituzte proposamenak aurkeztu. Osasun Sailak bakarrik ezagutzen ditu, epaile eta parte bihurturik. Gardentasunik gabe, beste agente batzuk baztertzearekin batera, prozesua partaidetzaren antitesia izateaz gain, zilegitasuna kentzen zaio».

EUSKAL OSASUN ITUNAREN «BENETAKO HELBURUA»

Euskal Osasun Itunaren «benetako helburua agerian» uzten duten xehetasun asko nabaritu ditu OPA plataformak: «Erabilitako metodologia; sailburuak mediku-estalduraren atzerapenei eta itxaron-zerrendei buruz egindako adierazpenak; Eusko Jaurlaritzako kideek —EAJ eta PSE-PSOE—, PP eta VOX alderdiekin batera, garraio sanitarioa argitaratzeari uko egin izana, diagnostikoa onartu eta hurrengo egunean; osasunerako aurrekontu igoera nahikoa ez izatea —% 0,35 2024koaren aldean—; eta mutuei eskumen berriak ematea, besteak beste».

Horregatik, OPAk adierazi du horrek guztiak «argi» uzten duela Euskal Itun honekin lortu nahi duten helburua: «Egungo statu quo pribatizatzailea mantentzea eta osasun publikoa desegitea, makillaje-ekitaldien eta kanpaina mediatiko indartsu baten bidez estaliz, eta, aldi berean, osasun publikoaren aldeko nahigabea eta gizarte-mobilizazioa geldiaraztea».

Honen aurrean, OPA herri plataformak egoeraren salaketa berresten duela esan du, eta mobilizazioekin jarraituko duela jakinarazi du, «osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa defendatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!